Dirulaguntzei buruz
Ulertzen dut zailtasuna. Agintariek adin edo sektore batentzat dirulaguntzak abian jartzen dituztenean, gehienetan berdin egokitzen zaizkie diru sarrera oparoa nahiz eskasa dutenei. Laguntza horietako irizpide nagusia adina soilik hartzen denean, demagun garraio publikoaren esparruan, beherapen hori berdina da bi mila euroko pentsioa jasotzen duenarentzat edo milara heltzen ez denarentzat.
Ulertzen dut zailtasuna. Dirulaguntza hori banatzerakoan hartzailearen diru sarrera guztiak kontuan hartu ahal izateko, funtzionario ugari behar da, urrats hori bideratuko duen langile andana eta horrek kopuruari hozka ederra egingo lioke, horretan joango litzateke azken kopuruaren zati handia. Eta nahiko atzerapena du administrazioak, nahiko zailtasun, nahiko ezintasun. Gainera, joera hori du burokraziak, biderkatzen da, mugarik gabe ugaltzen. Burokraziak burokrazia gehiago erditzen du.
Horrela gertatu izan da, adibidez, argindarrari buruzko laguntzekin, laguntza behar ez dutenek ere baliatzen dutela aukera. Edo amatasunaren aldeko laguntzekin, berdin jasoko duela laguntza hori emakume aberats batek edo zaurgarritzat har dezakegun emakumeak. Edo adin handiko pertsonen bidaiekin, berdin ordaintzen dutela txangoa pentsio goiena dutenek eta pentsiorik xumeena jasotzen dutenek. Berdintsu gazte jendeari dagokionez.
Are gehiago, askotan erraztasun handiagoa dute eskura diru gehien dutenek, diruarekin batera baliabide edo gaitasun gehien dutenek eta, alderantziz, sarritan diru gutxien eskuratzen duenak zailtasun gehiago izan ohi du laguntza eskuratzeko egin behar diren urratsak betetzeko. Horrelakoa da gure gizartea, behar handiena duenak lanabes gutxiago du eskura dirulaguntzak eskuratzeko orduan.
Ulertzen dut zailtasuna. Baina gertatzen ari dena ez da zuzena, ez da bidezkoa. Hori bai, aldatzen zaila.