Antologien aro berri baten aurrean gaudela dirudi. Aitor Francosek (eta orrialde hauetan aipatu genuen) euskal poesiaren antologia bat agertu zuen Sevillako Renacimiento etxe ospetsuan 'Las aguas tranquilas' izenburupean, eta bertan zortzi euskal poetaren lana aukeraturik. Zortzi poeta horiek, neurri batean, postmodernitatearen agerpena egin dute gurean, Rikardo Arregirekin hasi eta Leire Bibaorekin amaituz, 1990eko hamarkadan hasi zen euskal poesiaren irudia osatu arte.
Publicidad
Izaskun Garcia Quintanak bestela jokatu du bere 'Lurra eta dardara. Zortzi ahots emakumezko' izeneko antologian: Zortziko zenbaki magikoak agindu badu ere antologia bietan, honetan, emakumeen idazketaren itzala agertu nahi izan du antologia egileak. Amaia Lasarengandik hasi eta, berriro, Leire Bilbaorekin bukatuz. Aitor Francosenari baino kutsu historiko handiagoa nabari zaio ahalegin honi. Bide batez, Aitor Francosek badu beste asmo bat: euskal poesiaren antologia handi bat agertzea laster, bizi dugun izurriteak uzten badio behintzat, medikua baita ogibidez eta lasaitasun eskasa garai hauetan.
Bitartean, sail eta proiektu luzearen itxura duen bilduma berria kaleratu du Alai argitaletxeak. 'Hautak' da bildumaren izenburua, eta bertan plazaratu dira antologia berri bi: Ibon Egañak antolatu du 'Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018)', eta Juanjo Olasagarrek ondu du 'Bideko hitza. Euskal poema modernoen antologia (1951-2019)'. Oso desberdinak dira planteamenduz, nahiz eta batasuna hiru puntutan erakusten duten. Lehenik, izenburuko metaforan. 'Eskuko ekipajea' batean, egileak 'Ezinezko maletak' nobelaren titulua gogoan izan balu bezala; 'Bideko hitza' bestean, biek baina, lotzen dute irakurketa bidaiarekin, mundu berria aurkitzeko egiten dugun ahaleginarekin. Bigarrenez, biek adierazi dute 'ipuin' edo 'poema' modernoak agertzeko gogoa. Modernoak (nahiz eta batzuk jada postmodernoak izan) eta batez ere, testuak. Juanjo Olasagarrek adierazi duen moduan: «Ez da euskal poesiaren antologia bat, baizik eta euskarazko poemen antologia». Testuak du nagusitasuna eta ez Literaturaren Historiak sor lezakeen arkitekturak. Biek egin dute gaurkotze ahalegina. 2018ko Iñigo Aranbarriren ipuin batekin eman dio bukaera kronologikoa bere antologiari Ibon Egañak, eta 2019an, Beatriz Chiviteren testuekin, Juanjo Olasagarrek.
Desberdintasunak ere begi bistan geratu dira. Esango nuke ausardia handiagoa erakutsi duela Ibon Egañak, zeren testuak aukeratu ondoren gaika jarri baititu, irakurketari batasun puntuak emanez. Joera historikoa eta kronologikoa aukeratu ordez, lau ardatzetan bildu ditu, sarreran ipuinen ildo ugariak azpimarratu ondoren, batasunak ere agerian jarriz. Larruak, bizitzak, begiak eta piztiak dira zutabe nagusiok. 25 ipuinen hautaketan ere begi ugaria erabili du, eta kanonaren gunean ez dauden egileak –haur eta gazte literaturakoak, adibidez– kontuan izan ditu.
Juanjo Olasagarreren emaitza kanonikoagoa dela esango nuke. Espero zitekeena eman du. Poeta bakoitzaren lan bat edo bi aukeratu eta orden kronologikoa mantendu. Ez dut ukatuko aukera batzuk berriak direnik, eta paisaiaren ekologia ugaritu egin dutela. Poeta asko daude eta, beraz, arriskua jaitsi egiten da horrela. Hitzaurrea egin zait oso erakargarria.
Publicidad
Bere burua ez sartzea erabaki duen egilearen duintasunaz, Olasagarrek poesiaren irakurketaz oso hausnarketa polita egin du bere solasean. Poesia nork irakurtzen duen kontuan hartuz ari zaio mintzoan irakurleari, eta bere hitz jarioan ez dio pista galdu poesia derrigortua irakurtzen duen gazteari. Horregatik hain garrantzitsua bihurtu da antologia honetan poesiaren eta musikaren arteko besarkada.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión