Ginga
Auzian bi bando daude. Bi tribu. Gutako bakoitzari zer garen esaten digutenak
Ana Urkiza
Ostirala, 12 iraila 2025, 13:49
Argi utzi digute hondarribitarrek, alardeaz iritzia emateko hondarribitarra izan beharra dagoela. Hondarribitarra izan ezean, ezin dela herrian gertatzen dena ulertu. Herrikoa izan barik, ezinezkoa dela irtenbideren batekin asmatzea.
Kontua da, urteak pasatuz doazela eta aurrerapausoak eman direla esan daitekeen arren, gaia ainguratuta dagoela. Aurtengoan ere, konpainia parekideak txaloak eta irrintziak jaso ditu baina baita keinu zatarrak ere. Aurtengoan be, konpainia parekidean desfilatzen dutenak alardetik aparte aritu dira eta iazko moduan, konpainia tradizionalak ez dira agertu Gernikako Arbolara, udalaren dekretuak hala agindu arren. Nahiago izan dute dekretuari muzin egin, parekideekin bat egitea baino.
Eta egon dira kalean nozitzen denaren kronika jaso dutenak ere. Hasieran, familiak eta lagun-taldeak puskatu zirela dio kronikak. Diferente pentsatzen eta agitzen zutenen artekoen desadostasunak etsaikeria sustatu zuela. Gero, boikotaren aroa bizi zutela. Ondoren, desfilatzen hasi zirenean, irainak eta plastiko beltzak nozitu behar izan zituztela. Ea, azkenik, bi bandoetako kideak, urtean zehar, herrian normal antzean harremantzen hasi zirela, nahiz eta jaietan bizkarra ematen jarraitu.
Hondarribiatik kanpo ulertezina egiten da egoera, hain zuzen ere, parekidetasunaren prismatik begiratzen delako afera. Herrietako jaietan emakumearen parte hartzearen auzia gainditutzat dagoelako, eta eskubidedun herritar gisa, ez genukeelako bestelakorik ulertuko, ez onartuko. Baina arestian esan bezala, auzian bi bando daude. Bi tribu. Gutako bakoitzari zer garen esaten digutenak. Babesten gaituztenak. Baina, aldi berean, baldintzatzen gaituztenak. Eta gure askatasun partikularra zedarritzen dutenak, taldearen izenean.
Tribuek, batzuetan, gutako bakoitzak pentsatzen duenaren kontra ere agitzen dute baina behin bizitza propioa hartzen dutenean, gugatik erabakitzen dute, eta ez dago tribua uzteko bizarrik; are gutxiago, behatza igotzeko ausardiarik.
Emakumeek parte hartzearen alde eta kontra daudenen arteko talka baino areago da desberdin pentsatzen duten bi bandoren arteko indar neurketa. Amore eman nahi eza. Konkistatzeke dagoen lur bat irabaztea bailitzan. Bandoen arteko garaikurra.
Emakumearen parte hartzea estakuru bat besterik ez da afera honetan. Sakonean, bi pentsakera diferenteren artean egosi den ezin ikusiari eta nor gehiagokari jarri zaion ginga.