Amets Arzallusek laugarren aldiz irabazi du Xilaba Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa
Larunbateko txapelketan Miren Artetxe Sarasola geratu zen bigarren, 975 puntu eskuratuta
Zurekin
Astelehena, 15 azaroa 2021, 09:02
Amets Arzallus bertsolaria gailendu zen larunbat honetan, azaroaren 13an, Donibane Lohitzuneko Kanpos Berri Jai Alain ospatutako Xilaba (Xiberoa, Lapurdi eta Baxenanarra) Ipar Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finalean. Orotara sei bertsolari izan ziren asteburuko final handian, hala nola, Amets Arzallus, Odei Barroso, Maddalen Arzallus, Maddi Ane Txoperena, Patxi Iriart eta Miren Artetxe. Azkenean, esan bezala, Hendaiako bertsolaria atera zen garaile, 1012 puntu eskuratuta.
Laugarren aldia da Amets Arzallus Antiak (Hendaia, 1983) Xilabako txapela janzten duela, izan ere, 2008an, 2010ean eta 2012an ere txapelketan nagusitzea lortu zuen. Oraingo honetan, Miren Artetxe Sarasola (Hendaia, 1985) izan zen bigarren, 975 puntu eskuratuta. Elkarrekin, buruz buru, jokatu zuten bi bertsolariek finalaren bigarren zatia, lehengoan puntuaziorik altuena lortu ostean.
Honela geratu dira puntuazioak final honetan: Amets Arzallus (1012), Miren Artetxe (975), Odei Barroso Gomila (586,5), Maddalen Arzallus Antia (586,5), Patxi Iriart Iribarren (562,5) eta Maddi Ane Txoperena Iribarren (561,5).
2020an bertan behera gelditu ondoren, aurtengo irailaren 18an ekin zioten berriz Xilabari eta lau kanporaketa, eta, hiru finalerdi igaro ondoren, aurreko larunbatean jokatu zen final handia. Orotara aurtengo edizioan Ipar Euskal Herriko 24 bertsolarik esku hartu dute. Dena den, aurten nobedade gisa soilik 6 ailegatu dira final handira, 18 kanporatuak izan direlarik. Era berean, kanporaketen lurraldetasuna errespetatu egin dute, hauen ospakizunak hiru lurralde historikoetako udalerrietan gauzatu direlarik. Aritz Bidegainek eta Amaia Castorenek egin dituzte gai-jartzaile lanak eta sei lagunek osatu dute epaimahaia.
Bertsularien Lagunak elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie bertsolariei, gai-jartzaile eta epaile taldeko kideei egitasmoa antolatzeagatik. Euren esanetan, Xilabaren hezurdura dira, eta haiek gabe bertsolaritza ez litzateke gaur egun dena izango.
Final honetan bertsolari bakoitzak agur bana egin behar izan zuen. Ondoren seikoteak binaka zortziko handian ofiziotan binaka, hiruna bertso; zortziko txikian ofiziotan binaka, hiruna bertso; eta banaka, hiru punturi erantzun behar izan zioten. Horrez gain, hamarreko txikian ofiziotan binaka hiruna bertso, eta, kartzela banaka, gaia emanda, hiruna bertso.
Buruz burukoari dagokionez, seiko motzean ofiziotan, binaka, hiruna bertso landu behar izan zituzten dituzte. Zortziko txikian ofiziotan, aldiz, binaka, hiruna bertso, eta, kartzela banaka, gaia emanda, hiruna bertso. Bukaerako agurrak eman zion amaiera aurtengo final handiari, eta, esan bezala, Amets Arzalluz gailendu zen laugarren aldiz.