https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aldarrikapen poetikoak

'Disoluzio agiriak' liburuaren azala./
'Disoluzio agiriak' liburuaren azala.

Javier Rojo
JAVIER ROJO

Jose Luis Otamendiren poesiak inguruko errealitatean ditu bere erroak: errealitatetik abiatzen da eta errealitatea azaltzeko asmoa du. Baina batzuetan errealitate hori, hemen eta oraingoa izanik, talkan geratzen da subjektu poetikoaren barnean eraiki den irudiarekin. Talka honetatik sortzen da 'Disoluzio agiriak' izenburuko poema-liburu hau. Subjektu poetikoa konturatzen da denbora aurrera doalarik inguruko mundua aldatzen doala, eta neurri handi batean subjektuari ezinezkoa zaio aldaketa horiek beren osotasunean onartzea. Beste hitzetan esanda, bere ideiak eta printzipioak, bizitza antolatzeko eta hari zentzua emateko balio izan dutenak, zaharkituta geratu dira, eta ez berez okerrak zirelako, baizik-eta inguruan jarrera zinikoa nagusi delako. Eta subjektuari kosta zaio jarrera ziniko horrekin bat egitea.

Bestalde, subjektuak mundua ulertzeko zuen modua politikoa zen oso. Planteamendu politikoek adierazten zioten zein zen bere tokia eta jarrera horrek 'herritasunarekin' zuen zer ikusirik. Osatu gabe zegoen herria, erdizka baizik existitzen ez zena, osotasunean ikustea zen helburua. Baina helburua bete baino lehen, herria disoluziora eramaten duten osagaiak nagusituz doaz. Talka, beraz, ilusioen eta errealitatearen artean, kasu honetan zentzu politikoan ulertu behar delarik. Honelako egoeran subjektuak beste nonbait bilatzen die zentzua bere planteamenduei eta, ia oharkabean, bigarren mailako idealizazioa agertzen zaio. Jarrera honetatik ulertu beharko lirateke Kataluniari eta hango egoerari buruz egiten diren erreferentziak. Izan ere, horretaz hitz egiten denean, ez baita errealitateaz mintzo, errealitate bat eraikitzeko desioaz baino, eta desio horrek behinolako planteamenduek oraindik ere zentzua dutela adierazten du. Edota, aurreko belaunaldikoez (amaz, adibidez) egiten diren aipamenak: hauekiko lotura inguruko errealitatearekin lotzen duen haria baino indartsuago baita.

Olerkiak

Egilea:
Jose Luis Otamendi
Argitaletxea:
Susa Zarautz, 2019 - 128 orr. 15,00 euro

Otamendiren poesia, beraz, ideia batzuen aldarrikapena izan daiteke. Inoiz, baina, ez du panfletoaren izaerarik, eta ideia hauek elaborazio poetikoaren ondorioz denboraren igarotzearen aurreko jarrera existentziala azaltzeko ere balio dute.

Temas

Euskera