AEBetan ere ikusi ahal izango da 'Handia', abuztutik aurrera
Miami hirian proiektatuko dute beste inon baino lehen, abuztuaren 17an, euskal filma. Gero New York, Santa Barbara, Washington, Cleveland eta Seattleko zinema jaialdietan ikusi ahal izan dute
Amalia Ibargutxi
Ostirala, 27 uztaila 2018, 00:36
Madrilgo Bombilla parkean ikusi zuten asteazken gauean 'Handia'. Eta bukatu zenean, Eneko Sagardoy eta Aia Kruse aktoreek hizketaldia egin zuten ikusleekin. Horren aurretik, Estatuko zinema areto gehienetan izan da ikusgai, herri txiki eta hiri handietan. Donostiako Zinemaldian estreinatu zutenetik urtebete igarotzera doa laster, baina lehen urteurrena bete baino lehen, muga berri bat zeharkatuko du filmak. Izan ere, abuztutik aurrera, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) izango da ikusgai Altzoko bizilagunaren istorio, orain bai, ezaguna.
Altzoko Handiaren istorioak Miamin hasiko du Estatu Batuetako ibilbidea, jatorrizko bertsioan ingelesezko azpidatziekin. Jarraian, New York, Santa Barbara, Washington, Cleveland eta Seattleko zinema jaialdietan ikusi ahal izan dute Moriarti ekoiztetxearen filma. Gainera, areto komertzialetan ere ikusgai izango da. Miami hirian, berriz, Tower Theatre antzokiak proiektatuko du beste inork baino lehen, abuztuaren 17an, euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesezko azpidatziekin.
50 zinema jaialditatik igaro eta 28 sari jasotakoa da Aitor Arregi eta Jon Garañok zuzendu duten filma. Tartean, 10 Goya (zeuzkan 13 izendapenetatik) eta Donostiako Zinemaldiko epaimahaikideen sari berezia irabazi ditu. Markak apurtu ditu takilari dagokionez, euskarazko inoizko filmik ikusiena izan da eta. Gainera, Netflix nazioarteko 'streaming' plataforman dago ikusgai.
Filmak XIX. mendean bizi izan zen Altzoko Handiaren istorioa kontatzen du, Migel Joakin Eleizegi gaztearena, hain zuzen. Lehen Karlistaldiaren garaian kokatzen da filma, Martin etxera itzuli eta anaia Joakinen tamaina handiaz jabetzean. Jendeak Joakin ikusteko ordainduko duelakoan, bidaiari ekiten diote anaiek Europako kontinentean zehar. Ahoz aho gaurdaino biziraun duen istorio erreala da Altzoko Handiarena. Estatu Batuetan zer irudituko ote zaie?