Adinkeria
Oraindik tradizionaletik asko zuen gizartean jaio ginenok (hemen eta orduan, ez naiz egoera mundu osora zabaltzera ausartzen) ondo asko dakigu gure bizitza idatzi gabeko legez josia zegoela. Hausten bazenituen, ez zen polizia zure bila etorriko, baina jendearen gaitzespen isila edo ez hain isila jasoko zenuen.
Dena zegoen arautua, bizpahiru irizpideren arabera. Lehena, generoa, ez ziren berdinak gizonek eta emakumeok bete behar genituenak; bigarrena, adina eta hirugarrena zure etxekoen klase soziala. Ez zeuden idatziak, baina derrigorrezkoak ziren eta gizartearen bazter guztietan zuten eragina.
Arautua zegoen ze adinetan janzten zituzten mutilek praka luzeak, arautua neskon gonaren luzera, ibiltzeko modua (neskok mutilek baino pauso laburragoak, oinak beti bata bestearen ondoan, ez aldakek agintzen duten zabaleran), esertzeko modua (beti ere zangoak estu), ilearen tamaina, ahotsaren doinua…
Eta adina. Adin honetan hau, adin horretan beste hura, auskalo noiztik zetorren ohituraren arabera. Bizitzak, hezibideak edo norberaren aukerak ez zuten horretan eraginik. Idatzi gabeko legeek arautzen zuten guztion bizimodua, modu zorrotzean arautu ere.
Gero, malgutu ziren arauak, ahaztu ziren lege batzuk. Baina funtsean generoari eta adinari buruzko aginduak ez ziren desagertu. Adibidez, oraindik ere askoren ustez nortasun agiriarena da norberarena behar lukeen erabakia. Adinean oso aurrera egin dugunok primeran antzematen dugu hori. Askorentzat adina da zaharron gaitasuna erabakitzen duen neurria. Hor ere, adin honetan hau, bestean hura.
Horregatik ezkutatzen dugu adina (batez ere emakumeok baina izurritea gizonengan heltzen hasia da), horregatik ahalegintzen gara, kostarik kosta, itxura gazteagoa antzezten. Gizarteak zahartzaroa gorroto duelako.
Adinkeriaren biktima izan nahi ez dugulako.