3.mailako Aizkora Txapelketa finala eta Euskadiko Idi Proba Txapelketa burutuko dira Otxandion eta Abadiñon
HERRI KIROLAK ·
Mañondoko pilotalekuan eta udal probalekuan egingo dira lehiaketak, datorren larunbatean eta asteleheneanAnder RETOLAZA DELGADO
Osteguna, 12 abendua 2019, 22:07
Hurrengo asteburuan herri kirol jardunaldia izango da Bizkaiko bi udalerritan, modalitate ezberdinekin zaleentzat. Batetik, zapatuan, hilaren 14ean, Otxandioko Mañondoko pilotalekuan 3.mailako aizkora finala emango da, arratsaldeko 17:30etan. Bestetik, astelehenean, abenduaren 16an, Euskadiko Idi Proba Txapelketa ospatuko da Abadiñoko probalekuan, gabeko 21:00etan.
Aizkora finalaren harira, aizkolari bakoitzak 5 enbor ebaki beharko ditu: 54 ontzako 3 enbor eta 60 ontzako 2. Udako lehiaketetan izan ziren kanporaketetan oinarrituta lortu ziren postuak finalean lehiatzeko, Ezkurran (abuztuak 17), Gatikan (abuztuak 25) eta Irurtzunen (irailak 25) egindako txapelketetan, hain zuzen ere. Bakoitzean lehen bi postuetan sailkatutako aizkolariek lortu zuten final honetara heltzea.
Dena den, Xabier Orbegozoren ordez Ezkurrako kanporaketan hirugarren postuan sailkatu zen Julen Aranberri hartuko du parte asteburuan, aurrekoa min hartuta dagoelako. Hori horrela, finalean arituko diren aizkolariak hurrengoak dira: Luis María Polanco (Ar), Julen Aranberri (Gi), Txomin Amundarain (Na), Ioritz Gisasola (Bi), Eneko Saralegi (Na) eta Goizeder Belza (Na), 6 guztira.
Otxandioko txapelduna eta txapeldunordea Euskadiko aizkora bigarren mailara igoko dira datorren urtean.
Abadiñora igarota, bestalde, datorren astelehenean beste modalitatea egongo da ikusgai; Idi Proba, eta Garagartza Elkartea, Arene Jatetxea eta Taberna Goieta izango dira parte-hartzaileak.
Bai aizkora Finalean zein idi proba txapelketan Euskadiko Herri Kirol Federakundea izango da antolatzailea.