3.500 lagun bildu dira Baionan, etxebizitza eskubidearen alde
Herrian Bizi plataformaren deiari sendoki erantzun diote igande honetan Ipar Euskal Herriko herritarrek
Unai Sarriugarte
Lunes, 3 de abril 2023, 17:37
3.500 lagun bildu dira igande honetan Baionan etxebizitza eskubidearen alde. Herrian Bizi plataformaren deiari sendoki erantzun diote Ipar Euskal Herriko herritarrek, bigarren etxebizitzen aurkako borroka lehendabiziko lerrora eramanaz. Deialdi honen bitartez etxe saltzaileei zuzendu zaizkie, baita bigarren etxea erosi nahi dutenei ere.
Manifestazio honen bidez berehalako lege aldaketak eskatzen dizkiete agintariei Ipar Euskal Herrian. Plataformatik Parisi legezkoak eta juridikoak diren neurriak exijitzen diezkiete, «azken hamarkadotan Frantzian eman ez diren urratsak», hain zuzen ere.
Plataformatik nabarmendu dutenez: «ez dago zalantzarik, fatalismo honekin bukatu behar dugula. Etsitu gabe, gure xede kolektiboa, ez-bortitza eta determinatuarekin segitu behar dugu».
Udako etxeak
Ipar Euskal Herrian dauden apartamentu turistikoen kopurua 9.000 ingurukoa da. Horien gehiengoa Lapurdin daude, Hendaia eta Baiona artean. Hala, nabarmentzen du AirDNA atariak (etxebizitza turistikoen inguruan analisia egiten duen webguneak), jasotako datuen arabera. Hendaian tankera horretako 763 pisu daude; Urruñan, 345; Ziburun, 545; Donibane Lohizunen, 1.207; Getarian, 197; Bidarten, 570; Biarritzen, 2.889; Angleten, 570 eta Baionan, 705.
Hau da, 180.000 biztanle baino gutxiago dituen eskualde batean 8.523 apartamentu turistiko daude. Atari honek dioenaren arabera, gainera, Ipar Euskal Herriko biztanleentzat etxebizitza da duten kezka nagusietako bat, Iparraldeko kostaldean dauden udalerri horietako etxebizitzen ia % 50a udako etxeak baitira.