2024. urteko Ibilaldia Getxon ospatuko da, San Nikolas ikastolak antolatuta
1984 eta 2002. urteko edizioen ostean, hirugarren aldia da ikastolen aldeko egun handia hartuko duela. Ekitaldiak Algortako erdigunean eta kostaldean egitea aurreikusten dute
1984, 2002 eta, orain, 2024. Getxon dagoen San Nikolas ikastolak hirugarren aldiz antolatuko du Ibilaldia. Ikastolen alde egiten duen ekitaldi handi honen 45.edizioa kostaldetik oso hurbil ospatuko da hiru urte barru (aurten , jakina denez, Sopelan egingo da). Horrela iragarri berri du ordurako hirurogeigarren urteurrena beteta izango duen hezkuntza zentroak, Ibilaldiari agurra eman diona eta egun handia heltzeko irrikan dagoena. Motorra martxan jarri dute eta eskua ireki diote Ibiladiari, bere lekukoa berriro hartzeko desioarekin.
Oraindik hiru urte falta badira ere metxa pizteko, aurreneko pintzeladak eman dizkiote antolatzaileen buruetan forma hartzen doan edizioari. Egia da oraindik denbora falta dela eta seguruenik aldaketak egingo direla, baina erakutsi berri duten asmoagatik, ideia festa giroa udalerri guztian zehar zabaltzea da. 2002. urtean izan zuen arrakasta kontuan harturik, antzeko zerbait egin nahi dute San Nikolas ikastola hartuko da jaiaren erdigunetzat, eta zuhaitz bat balitz bezala, erroak zabalduz joango dira.
Algorta erdiguneko geltokiko plaza edota San Nikolas enparantza (bata bestetik oso hurbil dagoena) agertzen dira maiatzean ospatzen den egun handi horren gune posible bezala. Eta, nola ez, kostaldetik hurbil dagoen udalerri batez ari bagara, kostaldea presente egon behar du, eta horrela izango da. Ereagako hondartza, Portu Zaharra eta Arrigunagako hondartza mapa horretan markatuta agertzen dira. Baita ere Andra Mari ingurunea, non ingurune zabalak topatu ahalko diren.
Euskararekiko konpromesua bermatzea
Esan bezala, edizio hau ez da Getxoko Ikastola honek antolatzen duen lehengo Ibilaldia izango. Izan ere, 80. hamarkadan Uribe Kostako Ikastolekin batera Ibilaldiaren kudeaketan aritu zen, eta 2002. urtean ere bigarren aldiz antolatu zuen. 2024. urtean ospatuko den edizio honen bitartez San Nikolas Ikastolak zenbait helburu lortu nahi ditu, horien artean, Ibilaldia egitasmoa kostaldeko lurralde erakargarri honen bidez bultzatzea.
San Nikolas Ikastolak (bat eta hamasei urte bitarteko ikasleak hartzen dituena), euskal kultura eta euskararekiko duen konpromiso sendoa bermatzen jarraitzeko helburuarekin, Ibilaldiaren edizio bat antolatzeko plana aurkeztu zuen pasadan ikasturtean. Ikastolen Elkarteko eta Bizkaiko Ikastoletako ordezkariek jaso zituzten hautagaitzak aztertu ondoren, San Nikolas Ikastolari esleitu diote, beraz, 2024.urteko edizioa, Getxo erdigunean kokatuko duena eta hemendik jada motorra berotzen hasi dena.