Shisha Pangma, belazezko ordokiak mendean dituen gaina (II)

Martes, 21 de julio 2020, 13:28

Duela hamar urte espiritualitatez beteriko hiri kaotiko batera heldu ginen. Baina nolakoa da Katmandu? Deskribatzeko hautua eginez gero, honakoa esan daiteke: Katmandu, anabasa, mistika eta jendetza kopuru berean, eta mila begikune bazter guztietan Namaste esaten. Birikak hats arraroz betetzen dira hemen. Koloreak ostadarraren anonimoak dira, bestelakoak. Kaleetatik paseoan aritzea abentura hutsa da Katmandun. Jende mordoa dabil harat-hontat ikustatzeari etekin handiena atera nahian, ikusteko hiria baita Katmandu. Edozein txoko izaten da adierazgarria. Hiritik bertatik kanpo ere hedatzen da giro berbera. Jendea apalagoa agian, baina koloreak, usainak eta iruditeriak ez du parerik. Animalia izutu baten begiekin munduratzen zara goizero Katmandun. Katmandu asegaitza da, gure kuriositatea bezala.

Publicidad

Hiri horretan egun batzuk eman ostean, Tibetera joan ginen. Nyalam herria da lehen geltokia. Yak bitxiak zeuden malda pikoetan, otoitz-oihalak nonahi, granatera jotzen duen janzkera, lehen tenplu budistak eta begitarte beltzaranak ere bai. Thasi-delek hasi ginen esaten, eskuak aurpegiaren aurrean bildurik. Han egun batzuk altuerarako egokitzapen beharrezkoa egiten eman genituen, eta gero kanpamentu nagusira abiatu ginen.

Gorako metroetara joan aurretik puja egiteko tenorea heldu zen. Puja, bertako jainkoak gurtzeaz gain, hauek alaitzeko eta gurekin ondo portatzeko egin ohi den otoitz-eskaintza da. Gure Lama-sherpak errezorik onenak eman zituen. Hori behin eginda, mendirantz abia gintezkeela esan nahi zuen.

Eta une horretatik aurrera beste espedizio bat hasten da. Benetakoa, mendiarekin neurtzekoa, zalantza guztiak argitzekoa, indarrak batu eta tontorrera joatekoa.

Asteak joan asteak etorri, azkenean, gora abiatzen zara. Bidea egiten duzu egunez egun, metroak janez, eta azken kanpamentura heldu barik, guztiok lotu ginen hor, 7.000 metroko marra dibujatzen den tokian, hurrengo egunean hartu beharko genuen egurra ezin irentsiz: 1.000 metro. Urrun ikusten genuen gailurra. Zalantzak betikoak.

Gaueko hamaiketan esnatu ostean eta ordu batzuk prestaketetan eman ostean, dendatxoaren babesgunetik atera ginen, azkenik. Gauean, izarrak. Goian batez ere, baina inguruan ere bai. Eta baten bat beherago. Benetako kanpamendutik zeharkaldi luze bat egin behar da behinola Iñaki Otxoa de Olzak hartu zuen bideari ekiteko eta horrek modu zuzenean eta hein berean luzeenean eramango gaitu gailurrera, galtzerik ez baitago. Ordu dezenteren ostean, prekauzioz emandako milaka pausoren ostean, eztul, olo, muki, odol eta bestelako partikula toxikoak gure barneko hoditeriatik kanporatu ostean, punta ikusteko hainbeste desioren ostean, halako batean, tontorra izan daitekeena agertu zitzaigun harroki.

Publicidad

Bidaiaren bukaera barruntatzen duzu eta apaindu egin nahi dituzu, dekoratuagoak nahi dituzu dezimetroak eta milimetroak, eta lebitazioan zoaz, soberako desgasterik gabe, leunki. Maite duzu lipar hori. Zorion betearen lehen ziztadak dira. Lorpenaren zirrara.

Nekea pauso gehiago ezin eman daitekeen puntuan eztitzen da lipar batez. Gorakoa amaitu da. Hura Shisha Pangmako gailurra zen.

Goian Edurne Pabanen malkoak konpartitu genituen, Asier eta Txikonen besarkadak, eta une intentso baten ametsa.

Publicidad

Amets horrek, oraindik, badirau.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad