Mendiarekiko pasioa

Juan Ramón Madariaga
JUAN RAMÓN MADARIAGA

Zorte onekoak gara mendiarekiko pasioa sentitzen dugunok. Eta ni zorte handiagoko gizona naiz pasio hori, hemendik aurrera eta lerro hauetatik, zuekin konpartitu ahal izango dudalako. Bai, sentimendu korapilo ederra izaten da eskalada bakoitzarekin bizi izaten duguna, edota Euskal Herriko mendietan barna, paseo lasaian abiatzen garenean, naturarekin bat egiterakoan gure barne-barnean eztanda egiten digun sentsazioa.

Eta zer esanik ez, gure erronkak beste parametro batzuk hartzen dituenean, eta begiz jota dugun malda piko hori gure mugetatik kanpo dagoen mendi erraldoi bati badagokio. Pirinioak, Alpeak, Andeak, … horiek dira mendiz josita dauden kate erakargarriak.

Baina Himalaia da mendizale orok inoiz amestu duen paradisua. Han mendiek bestelako dimentsioak dituzte, eta askotan gure lepoa tenkatu behar dugu gora eta gora altxatuz, leku ia estratosferikoan dagoen gailurrari begiratu ahal izateko.

Horietara gizaki mutanteak, beldurrari muzin egiten dakitenak, senperrenak eginez deuseztatu egiten direnak, pertsona eta alpinista zailak baino ez dira joaten. Horiek sekulako abenturak bizi izan dituzte, eta guri kontatu dizkigute. Horrexegatik, lantzean behin euren jarraitzaile bilakatuko gara, eta lerro hauetara ere Anna Czerwinska, Jerzy Kukuczka, Edurne Pasaban, Erhard Loretan, Nives Meroi, Kinga Baranoswska, Carlos Carsolio, Krzysztof Wielick, Wanda Rutkiewicz, Juanito Oiarzabal, Sergio Martini, Gerlinde Kaltenbrunner, Young-Seok Park, Hong-Gil Um, Chantal Maudit, Jorge Egocheaga , Juan Vallejo edota Alberto Iñurrategi ere ekarriko ditut, euren bizipenak kontatzeko, eurek bizi izandako abenturak gogorarazteko, eta une batez, geure egiteko. Himalayismoaren eta alpinismoaren historiaz jabetuko gara, dakiguna borobilduz.

Beste inoiz, gure lurraldetara bueltatuz, bertoko mendietako magiaz arituko gara, eta txoko eder eta ezkutuenak deskribatuko ditugu. Milaka mendi txiki baititugu gure lurralde zabalean, apenas bisitatzen direnak, eta beti altxor txiki bat gordetzen dutenak, biodibertsitatearen leku miragarriak direnak.

Hortaz, mendia izango da hizketa-gai, deskribatuko dugun gure luze-laburren espazioa. Mendia, eta bizitza, batzuontzat biak elkarren eskutik baitoaz.