Esploratzaileak

Ekainaren erdialdean, baina 1886an, George Herbert Leigh Mallory jaio zen, Everest mendira eginiko lehen espedizio haietan parte hartu zuen esploratzaile-alpinista

Esploratzaileak
Juanra Madariaga
JUANRA MADARIAGA

1924ko ekainaren 8an, Malloryk eta Irvinek Everesteko gailurreranzko ekinaldia egin zuten, eta himalayismoaren historian sartu ziren, handik ez zirelako inoiz ere bueltatu. Eurek zabaldu zuten urte askotarako misterioa, izan ere, ez dakigu tontorrera heldu baino lehen desagertu ote ziren, edo hura zapaldu ondoren erori ote ziren amildegi altu haietatik. Noel Ewart Odell kidea izan zen ertz batean pertsonak izan zitezkeen bi puntuak ikusi zituen azkena. Iritzi askoren arabera, Mallory garai hartako eskalatzailerik onena zen. Andrew Comyn Irvine 21 urteko gazte ederra zen espedizio horretarako aukeratu zutenean. Oso entusiasta zen, baina ibilbide alpinistiko exkaxekoa, eta zerikusirik ez badu ere, androginoegia, agian. Malloryk berak soka-kide hartu zuen tontorrerainoko saioa egiteko, Noel Odell kolega eskarmentudunagoaren ordez (ebatzi horren atzean arrazoi homoerotikoak bazirela aipatu izan da, baina ezin izan da inoiz ere demostratu).

Malloryk mundua eta era berean unibertsoa konkistatzeko kemena zabaldu zuen. Hor dagoelako esaldi lakonikoarekin erantzun zuen, mendirik altuena zapaltzeko arrazoiez itaunduta. Lehen ekinaldi haiek detonante izan ziren, kolonizazioaren demaz aparte, mundua esploratzeko beharrezko zen grina pizteko.

1999ko maiatzaren 1ean, bere gorpuzkin izoztuak topatu ziren Everest mendiaren maldetan, 8.170 metrotan, galdu eta 75 urteren buruan. Zerraldoak haustura gogorrak zituen hezurduran. «Eskumako hanka frakturatuta zuen eta besoak harrietan iltzaturik, gehiago ez erortzeko ahalegin efimeroa egin nahiko balu bezala; bizitza efimeroa, arnas efimeroaren truke. Gerriaren eta bizkarraren bueltan soka apurtuaren zatiak zituen, istripua alimaleko erorikoa izan zen seinale».

Garai haietako gizakiek bide-urratzaileak ziren, senperrenak egiten zituzten jomugan zegoen ametsa lotzekotan, eta hein berean, sekulako atsekabe eta samintasunak pairatzen zituzten, atzean inperio kolonizatzailea bazuten ere.

Haiek bezalakorik, gutxi dago gaur egun munduan. Hedabideek eta mendia arinki eta balentria gisan kontsumitzeko dagoen gose asegaitzak, beste figura batzuk goraipatzen dituzte. Aurten adibidez, Kami Rita Sherpa izan da lausengatu den horietariko bat. Arrazoia? Everest mendia 24 aldiz igotzea. Bai, 24 bider. Bertan egiten du lan. Eurentzat eta euren nazioarentzat harro egoteko arrazoia da, Chomolugma mendi «sakratua» baita. Baina, beste aldetik egia ere bada gehiegizko baliabideak dituela gaur egun hara joan nahi duen edonork, tartean hain preziatua eta premiazkoa den oxigenoa. Eskrupulurik gabe, botilak eta botilak eramaten dira alturara, fisikoki mugan dagoen igoaldia prestakuntzarik gabeko sasi-mendizaleen mailan jartzeko eta eztitzeko xedez. Kamik urtero igotzen du nahi beste oxigenorekin.

Parametroak arrapaladan aldatzen ari dira, eta egun bestelako balioak azpimarratzen dira tai gabe, baina nire intuizioak erraz adierazten dit nork burutu duen istorio sinestezin bat.