Duela 40 urte

Juanra Madariaga
JUANRA MADARIAGA

1979ko maiatzaren 12an, duela 40 urte, Nafarroatik irten zen alpinista multzo batek Dhaulagiri (8.172 m) mendia zapaltzea lortu zuen. Euskal mendizaletasunarentzat 8000 metroko lehen mendia izan zen. Bide-urratzaile haiek Gregorio Ariz, Iñaki Aldaya, Javier Garayoa, Trini Cornellana, Javier Garreta, Jose Ignacio Ariz, Juan Mari Eguillor, Angel Martinez, Mari Abrego, Agustin Setuain, Pili Ganuza, Javier Sorozabal eta Angel Irigoyen izan ziren.

Espedizioaren kideak, duela berrogei urte eta orain.

Hori baino lehenago bestelako saiakerak antolatu ziren, hala nola, 1974ko Everest Tximist Espedizioa, baina guztietan, kale. Espainia aldean handietarik hiru zapalduta zeuden garai hartarako, baina Euskal Herriak ez zuen artean inolako garaipen alturik lortu. Horrexegatik berebiziko garrantzia izan zuen igoaldi hark, mugarria ezarriko baitzuen ondorengo alpinisten ametsetan.

Ekaitzetako mendia da Dhaulagiri, bertako klimatologia guztiz txarra baita, lepo bueltan beti izaten baititu hodei tinkoak, eta gainera, bertako haize bafadak intentsuegiak omen dira. Garai zaharretako alpinista sendoenetako batek, Lionel Terrayk, mendi hura ez zela inoiz konkistatuko esan zuen.

Beste sasoi batzuk ziren, eta espedizio hark bestelako prestaketak eskatzen zituen. Gaur egun, arinegiak dira espedizioak, material gutxiagoko kontuak eskatzen dituztenak (15 egunetan igo dute aurten Everest, etxetik atera eta etxera buelta; ze nezesidade?), baina lehen ez, lehen mendi erraldoiaren oinetara heltzeko hileak pasatu behar ziren, milaka kilo eramaten baitziren herritik bertatik, batzuetan kamioietan, itsasontziz, eta abar. Martxoaren hasieran atera ziren hemendik, eta maiatzean tontorra lortu; atera kontuak!

Mendiarekiko borroka etengabean asteak eta asteak aritu ostean, egun seinalatu hura heldu zen, eta aurreko eguneko haize bortitzak kikildu bazituen ere, gailurrerantz atera ziren kuraiaz beterik. Espedizio-kide gisa Jordi Colomer, Ramon Bramona, Juan Massons eta Jordi Pons katalanak ere aritu ziren, eta azken horrek, Iñaki Aldayak, Javier Garayoak, Gerardo Plazak eta Ang Rita sherpak mendiaren azken erpina zapaltzea lortu zuten.

Hotz handiko eguna izan zen (-38 gradu), haizeak alpinistak astindu zituen, eta airean zebilen elur zuriarekin kontrastean, jaka laranjak nabarmentzen ziren tontorreko argazkian.

Halarik ere, hotzak ez zuen poztasuna izoztea erdietsi.