Begirunea

Un alpinista en la cima./
Un alpinista en la cima.
Juanra Madariaga
JUANRA MADARIAGA

Mendi erraldoi eta beldurgarria da Kanchenjunga. Ez da guztietan handiena, baina handienen artean zailenetakotzat daukate alpinista orok. Everest altuena eta Chogori erraldoia fribolitatez tratatzen diren era berean, hirugarren postuan datorren Kanchenjungari ere, bere tontorrera abiatuko den edozeinek begirunea zor diola ahaztuta dago.

Himalayismoaren historia (letra larriz) altxorra da mendiaren magia sentitu dugunontzat. Hortik edan dugu, iturri zaharretik ur berria nola. Gure aurretik partitu direnen kontakizunak sinetsi ditugu, eta horiexek biziarazi gaituzte. Gaur egun, zure bularrean dominak jartzeko tontorrerainoko saioa egin, eta bertan aterako selfiak zer zaren eta nor zaren adieraztea gauza ezdeusa da.

Behinola, epikoak ziren sokaldiak, ia ezinezkoak alpinista indartsu batzuek buruturiko igoaldiak, miresgarriak pairaturiko nekeak, bizipenak eta sufrikarioak. Mendia mundu bat da.

Kanchenjunga mendiari buruzko istorio mitikoak ez dituzte ezagutzen ariketa nartzisista burutzekotan abiatzen diren alpinista express horiek. Mendi horretara diruz jositako turistak hurbiltzen dira pilotu automatikoa jarrita, sherpen batailoi batekin, eta kremailera balitz bezala soka kilometrikoak jartzen dituzte goiko puntu altueneraino inolako eskrupulurik gabe. Eta hara orduko, ez dute mendi horretako historia ezagutzen, eta ez dute eurak baino lehenago tontor bera zapaldu eta arnastu dutenen estiloaz edota moldeaz galdetzen. Finean, ez dute mendiaren historia ezagutzen.

Hala izan balitz, Kanchenjungako tontorra sakratu dela jakingo zuten, ezin dela zapaldu eta puntu goren horretatik metro batzuetara lotuta nahiko dela goraino heldu zarela esateko jakingo zuten.

Hala jardun ziren alpinismoak bizi izan dituen garai onenetako alpinista onenetakoak.

Mendi hori igo zen lehen aldia 1955eko maiatzaren 25ean izan zen. George Band eta Joe Brown britainiarrak izan ziren aurrenak. Sikkin lurraldeko biztanleentzat bertako gailurra sakratua izan da beti, eta bi alpinistok marra altuenetik metro batzuk beherako gelditu ziren, herri horrekiko begirunez. Horren ostean beste mendizale famatu askok gauza bera egin dute.

Oso txundigarria izan zen Doug Scott, Peter Boardman eta Joe Tasker trinitateak eginiko oxigenorik gabeko lehen igoera, 1979an. Gorriz jantziriko arropak atzean gailentzen den tontor zuri eta isolatuaren aurretik nabarmentzen dira. Horiek ere ez zuten gailurra zapaldu, begirunea zer den bazekitelako.

Peter Boardman y Joe Tasker justo bajo la cima en 1979.
Peter Boardman y Joe Tasker justo bajo la cima en 1979.

Horrexegatik amorruz ikusi dut aurtengo mendizale andana puntan, argazkiak ateratzen, inolako erreparorik gabe, dena zapal-zapal utzita. Kontu ineditoa, hein batean, iraingarria iruditu zait. Dozenaka, puntako jainkoak beldurtzen eta ohiltzen ari zirela pentsatu barik.

Eta ez dut epiko eta transzendental jarri nahi, baina honek horien guztien kontrako diatriba bat izan beharko luke. Apalagoa, agian.

Gizakiaren deriban dena galtzen da, mendizaletasunaren historiarekiko begiramendu bera ere, mendi puntetatik haize bortitz batek eramango balu bezala. Betiko.

Temas

Euskera