Pakistango ederrenak (I)

Pakistango ederrenak (I)

Uztaila da sasoirik onena Pakistango mendi erraldoiak igotzen saiatzeko. Historian zehar ere, garai hori aukeratu zuten alpinismoaren bide-urratzaileek munduan dauden ederrenetakoen tontorrak zapaltzeko. Ez dira altuenak izango, baina erakargarrienak bai, bederen

Juan Ramón Madariaga
JUAN RAMÓN MADARIAGA

Karakorum mendikatearen erdian, Baltoro glaziarra kurritzen hasi eta berehala, horma luzeetan burutu diren eskaladarik ederrenak bildu dituzten Trango Dorreak agertzen dira, dimentsio handiko harri-bolumenarekin. Harriturik gelditzen zara, granitozko hormatzarrak ikustean. Dorre handienean marra luze eta ezinezko bat marraztu zuen 1984an, Norvegiako Hans Christian Doseth eta Finn Daehli bikoteak. Tragedia bilakatu zen arrakasta, jaisten ari zirela zendu baitziren gazte biak. Urte batzuk pasatu behar izan ziren, Xaver Bongard eta John Middendorf bikoteak beste bide bat zabaldu zuen arte. Bidaia handia esaten zaio linea ikaragarri horri. Harrezkero ez da bestelako ausardiarik izan hortik gora abiatzeko.

Zerurantz begiratzen duten dorre guztien artean, Izenik Gabeko Dorrea dago. 1976an igo zen lehen aldiz, eta hamar urte beranduago, bere pitzadura ederretan, Eternal Flame bide mitikoa zabaldu zuten beste eskalatzaile mitiko batzuek: Kurt Albert, Wolfgang Güllich, Christof Stiegler eta Milan Sykora. 2006an, Tina Di Batista, Tanja Grmovšek eta Aleksandra Voglar hirukoteak emakumeek egindako lehen igoera sinatu zuten, baina urte dezente lehenago Catherine Destivellek, Jeff Lowe eskalatzaile famatuarekin batera, zapaldu zuen bere tontorra.

Baltoro glaziarrean gora zoazela, mendi ikaragarriak baino ez dituzu ikusten. Begiak zabal zabalik dituzula, hodeiak ferekatzen dituzten tontor harrigarriak agertzen dira, tanpez.

Ibilbidearen tarte horretan, oihal zuripeko mamua balitz bezala, Muztagh Dorrea (7284 m) altxatzen da. Lehen begi-kolpean, konkistaezina ematen du, baina 1956an, garai hartako alpinistarik zailenak menditzarraren oinetan bildu ziren, zapaldu gabeko erpina oinpean jartzeko xedez. Bi espedizio ziren, Erresuma Batukoa eta Frantziakoa. Lehenengoa John Hartog, Joe Brown, Tom Patey eta Ian Mcnaught-Davis eskalatzaileek osatu zuten. Bigarrenean Guido Magnone, Robert Paragot, André Contamine eta Paul Keller famatuak zihoazen. Azken hauek ingelesek baino bost egun beranduago zapaldu zuten tontorra, igoera lehiakor baten ostean.

Muztagh Dorrea oso aurrikusgarria da; amildegi izoztuek janzten dute bere bertikaltasuna. Eskalada konplexuan murgiltzeko adorea duten gutxi batzuk harrizko labirintoan gora bide berriak marrazten saiatu dira. Lehen igoera hartatik 56 urte geroago, bide berri bat zabaldu zen mendi horretan Dmitry Golovchenko, Alexander Lange eta Sergey Nilov errusiarren eskutik. Mendia eskalatzen zen bosgarren aldia izan zen 2012ko abuztu hura. 17 egun eman zituzten igotzen, eta janari eta gasik gabe heldu ziren gorengo punturaino. Denak onik jaisteko kemena ere izan zuten, benetako alpinistek egiten duten gisan. Igoaldi hura epikoa izan zen, eta hurrengo urtean, ondo merezitako Urrezko Pioleta sari enblematikoa eman zieten.

Bidean aurrea joanez gero, Gore eta Concordia tokien arteko etapa egitean, diganteen esparrua zabaltzen da, eta daramazun txundidura esponentzialki handitzen zaizu.