

Secciones
Servicios
Destacamos
Edición
Mikaela
Lunes, 15 de junio 2020, 23:24
Nire ziegak ez du aparteko ezer, nahiko arrunta da; ohea, sukaldea, egongela txiki bat eta komuna. Alboko leiho handien ertzera eraman dut begirada amaraunen arrastorik baden ikustera; dena erabat garbi aurkitu dut, ez armiarma-sarerik, ezta barroterik ere ez dut topatu. Leihoetako bat oso-osorik ireki dezaket eta orduak ematen ditut, haizeak nire bisaia igurzten duen bitartean, ezerezari begira. Egunak dira kartzelariak bisitan etortzen ez zaizkidala; urrunean baten bat ikusi dut leiho zirrikitutik, baina badaezpada ere azkar batean ezkutatu naiz haiek ikus ez nazaten. Egoera arraroa da oso. Azken unean inongo azalpenik eman gabe ezeztatzen ziren bisean bisik ez dut eta orain mugikor beiraren atzetik nahi adina bideo-dei egin dezaket gertuko nahiz urrutikoekin. Aspaldian ikusi gabeko asko ere ikusi dut eta elkarrizketa luzeak ere mantendu ditugu, dirudienez ez dugu denbora mugarik, batak bestea aspertzean eskegi, eta kito. Patiorik ordea ez dut, baina bai nire ziegatik kilometro batera urruntzeko baimena. Hala ere, poliziaz mozorroturiko jende andana ibili ohi zait goiko ziegetatik oihuka, ez dakit poliziak infiltratutakoak diren ala mundua are gehiago erotzen ari den. Erosketak egitera ere joan naiteke, horretarako musua estali behar izaten dut eta merkatura sartzean plastikozko eskularruak jantzi, irteeran, normalean, erantzi egiten ditut, barnean sortzen den hezetasuna jasanezina egiten zait eta. Tiketa ere gorde beharra izaten dut etxera bidean egon ohi den udaltzain bikoteari erakusteko. Hauek, tiketa nigandik bi metroko distantziatik gainbegiratu eta aurrera egiteko esan ohi didate.
Egia esan, etxe-ziegan nago erosoen, kalea geroz eta arrotzagoa egiten ari zait eta lau horma hauek bihurtu dira egun nire territorio libre bakarra. Ez dut ukatuko egoera anker honek hamaika atsekabe sortu didanik, baina beste horrenbeste aukera ere eman dit. Liburuak bata bestearen atzetik irensten ditut, sukaldeko suari ere galdu diot beldurra eta kirol-gune ttipi bat ere inprobisatu ahal izan dut. Duela gutxi aldamenekoa zein zen ere ez nekien, eta orain, arratsalderoko zortzietan txalotzera irteten denez elkar agurtzera ere iritsi gara.
Baldintzapeko askatasuna ere geroz eta gertuago dagoela esan didate eta lau horma hauetan eroso sentitzera iritsi naizen arren, itsaso-kresala eta udaberri-lore usain premia ere badudala aitortu behar dut.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Pillado en la A-1 drogado, con un arma y con más de 39.000 euros
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.