Bikote krisia
Haur eta gazte literaturaren inguruan batzuetan polemikak izaten dira gai korapilatsuak irakurle horiei nola aurkeztu behar diren azaltzean
Javier Rojo
Viernes, 2 de junio 2017, 23:03
Haur eta gazte literaturaren inguruan batzuetan polemikak izaten dira gai korapilatsuak irakurle horiei nola aurkeztu behar diren azaltzean. Gaiak leundu behar dira halako moduan non irakurle gaztea ez traumatizatzeko gaiak desitxuratu egin behar diren? Edo gordintasuna ezkutatu gabe agertu behar dira gai horiek? Tira, kasuz kasu aztertu beharko litzateke kontua, irakurlearen adina ahaztu gabe. Edonola ere, inpresioa daukat gaiak gehiegi leuntzea ez dela ona irakurlearentzat, ezta idazlanaren kalitatearentzat ere. Hau guztia Bertol Arrietak Elurraren formula izenburuarekin idatzi duen nobelatxoaren harira plantea daitekeen gaia da. Liburua argitaratu den bilduma eta argitaletxeak eskainitako informazioa kontuan hartuta, badirudi liburu hau hamabi urtetik gorako irakurleentzat pentsatuta dagoela. Adin horretako irakurleei dagoeneko ez zaizkie arrotz gertatzen helduen arazoak, eta beraz idazleek ez dituzte gatazkak gehiegi leundu behar.
Kasu honetan bikote krisi baten inguruan antolatu du idazleak kontakizuna. Argumentuan kontatzen da nola igande batean aita eta alaba elurretara doazen eguna pasatzera eta neskatoak amari elur bola bat eraman nahi dion opari moduan. Etxera nola bueltatzen diren kontatzen zaigun bitartean, eszena aukeratu batzuen bidez idazleak jakinaraziko digu gurasoen arteko harremanen krisia, flash back-aren teknika erabiliz. Idazleak etxera itzultzea eta eszena hautatu horiek era paraleloan kontatzerakoan jakin du sinbolizazioa argumentuan egoki integratzen, sinbolo bezala funtzionatzen duten objektuak modu naturalean agertzen baitira kontakizunean. Eta hau idazle trebe baten ezaugarria da.
Edonola ere, iruditu zait kontraesana planteatzen dela protagonistarena egiten duen neskatoaren eta balizko irakurleen artean. Lehen esan dudanez, liburua hamabi urtetik gorakoentzat pentsatuta dago. Baina neskatoa zortzi urte ingurukoa da. Badakit pertsonaiaren adinak ez duela zertan bat etorri irakurleenarekin, baina kasu honetan alde horrek agian atzera bota dezake irakurleren bat, berari ez dagokion umekeria baten aurrean dagoelakoan. Eta liburuaren kalitatea ikusita, hau pena litzateke.