Ez-lekuetan
Ana Malagonek orain dela hiru urte bere burua ezagutzera eman zuen euskal literaturan mikroipuinak biltzen zituen liburu baten bidez eta orain argitara eman berria du 'Gelditu zaitezte gurekin' narrazio liburua
Javier Rojo
Viernes, 19 de mayo 2017, 02:27
Ana Malagonek argitara eman berria du narrazio liburu bat. Idazlanak Gelditu zaitezte gurekin du izenburua eta hamalau narrazio jasotzen ditu. Idazleak orain dela hiru urte bere burua ezagutzera eman zuen euskal literaturan mikroipuinak biltzen zituen liburu baten bidez. Narrazio laburrerako zaletasuna, beraz, berezkoa duela esan daiteke. Narrazio liburu honetan agertzen diren istorioetan bizitza puskak aurkezten zaizkigu. Protagonistak ez dira heroi handiak, eguneroko bizitzan ari diren pertsona arruntak bizik. Eta pertsona arruntak diren neurrian, beraiei gertatzen zaizkienek nahiko ohikoak dirudite, balentria ikusgarrietatik urrun. Baina eramaten dituzten bizitza horiek beren ohikotasunean zerbait berezia erakusten dute. Izan ere, pertsonaia gehienak helduaroan murgilduta daude, ia konturatu gabe, eta puntu horretara heldutakoan ohartzen dira beraien bizitzak ez direla behinola irudikatu zituzten bezalakoak, ezintasunak eta mixeria txikiak nagusi baitira beren munduan.
Ilusioen galeraz, desengainuaz hitz egiten zaigu liburu honetan. Narrazioek izaera bikoitza daukate. Batetik, gertakari zehatz batzuen kontaera eskaintzen dute. Pertsonaiak, beraz, bidaiak egiten, lanean, familia-ospakizunetan biltzen agertzen zaizkigu, ohikeria nagusi den giroan. Baina bestaldetik, narrazio onekin gertatzen den bezala, ohiko gertakari horiek sinbolo izaera hartzen dute, momentu egokian esandako esaldi egokiari esker. Beraien bizitzak porrot baten adibide dira, azken finean giza existentzia osoa ere porrota baita. Deigarriak dira Ana Malagonen liburuan zenbat istorio kokatzen diren ez-lekuetan: bidaiak, opor zein lan bidaiak, direla medio, pertsonaiak ikusten ditugu beraienak ez diren lekuetan mugitzen. Baina beraien esparru propioak diruditenak ere izaera berberaz hornituta agertzen dira. Pertsonaiak ibiltzen direneko mundua ez-leku erraldoia da, bizitza bera inondik inora ez doan, ezerezetik ezerezera daraman bidaia baita.
Tristurak gainez egiten du zenbaitetan amaiera irekia ere duten ipuin hauetan, aurkezten zaizkigun pertsonaia guztiak, itxurazko irabazleak ere, ezinbestean galtzaileen bidean amilduta daude-eta.