Urgente Un accidente en Ugao-Miraballes obliga a cortar la BI-625

Gauza poetikoak

«Poesia arma bat da etorkizunez kargatua», idatzi zuen Celayak

Felipe Juaristi

Domingo, 13 de noviembre 2016, 01:50

Poesia edonon egon daitekeela dioenak arrazoia du; baina, beharbada, ez daki zergatik duen arrazoi. Edozein gauzari begiratuta, poesiak bere burua erakuts dezakeela uste duenak ere arrazoi du, baina ez daki zergatik duen arrazoi. Hori dauka poesiak: oraindik misterioa da. Eta misterio izateak urrundu ditu poesiaren mundutik milaka irakurle. Poesiak ez du prentsa buru taxuzkorik, alderdi politiko eta erakundeek duten bezalakorik, ezta gutxiago ere. Zein baino zein aritzen baitira poetak beren lanbidea goratu nahian, horretarako beraiek soilik (eta ez beti) ulertzen ez dituzten kontzeptuak erabiliz. «Poesia arma bat da etorkizunez kargatua», idatzi zuen Celayak, eta orduan, esandako unean metafora zoragarria iruditu zitzaidan, baina gaur egun gorroto ditut arma, etorkizuna eta karga. Baina, noski, Celayaren esaldiari buelta emango bagenio, hau aterako litzaiguke: «Poesia ez-arma bat da ez-etorkizunez kargatu gabea». Zer esatea nahi duzue. Ez da ez poesia ez deus ere. Poetak, definizioetan asmatzen ez badu ere, definizio ahantzezinak plazaratzen ditu. «Beti dirauena poetak sortutakoa da», idatzi zuen Heideggerrek, eta garai batean esaldiak txunditu baninduen ere, poesiari arkitekto perfektuaren ohorea ematen baitzion, eta poetari berari ia Jainkoaren ezaugarriak eransten baitzizkion, gaur egun uste dut deusek ez duela irauten, armek (ez poesiarenek bederen) dena suntsitzen baitute, hala hiriak nola estatuak edo zibilizazioak, edo poemak, poetek aitortu nahi ez badute ere.

Publicidad

«Poesia, hitza desagertutakoan geratzen dena da», idatzi nuen nik, aspaldi, eta oso pozik geratu nintzen esaldia atera zitzaidalako ia bat-batean, tiraka egin gabe. Baina hitza ez da desagertuko, berraldatu egingo da, gauza gehienak bezala. Jaio egiten gara edo egiten gaituzte; bizitzen ematen dugu denboraldi bat (batzuentzat, handia, eta beste batzuentzat, txikia), jakin gabe askotan bizi duguna bizitza ote den; eta hil egiten zaigu ordura arte bizitzat geneukana. Tamalgarria da heriotza, bizitza zoragarri eta duina izan duenarentzat; baina bizitza besterik gabe igaro zaionarentzat, edo minez eta oinazez jasan duenarentzat heriotza askatasuna da, libertatearen ikur.

Hori esanda, ez nuke poesia bereizi nahi alde kategorikoetan: ona ala txarra. Berez bereiz daitekeela badakit, baina ez dut uste, dagoeneko eta dugun eskarmentua dugularik, kategoria etikoetan bereiz daitekeenik. Zer da poesia ona? Ez dakit. Zer da poesia txarra? Hori ere ez dakit. Zer da dakidana? Oso gutxi. Zerua goian dagoela, eta izarrak dir-dir ari direla, eta jendea oraindik ere liluratuta bizi dela ulertzen ez dituen gauzekin. Eta gizon-emakumeak maitemintzen dira, eta ez dakite zergatik, edo badakite baina ez dakite zergatik badakiten. Maitasuna ere misterioa da. Baina misterio izateak ez ditu maitaleak maitasunetik urrundu. Areago esango nuke, zenbat eta misterio handiagoa izan maitasuna, orduan eta maitaleak ugariagoak eta zerbitzu zaleagoak. Poesia, maitasun klasea ote? Litekeena da. Maitasuna, poesia klasea ote? Nahiago nuke hala balitz, baina ez dago frogatuta. Maitasuna askotan bide batetik ibiltzen baita; eta poesia bestetik. Bi bideok bat egindakoan, orduan bai esan daitekeela poesiaren loratzea eta maitasunaren errotzea ikusi dela. Une batez bederen. Ez poesiak ez maitasunak ez baitiote deusi ere eusten.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad