Gernikan hasiko da aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Onintza Enbeita muxikarra igezko Bizkaiko Bertso Txapelketan kantetan. / BBE
Onintza Enbeita muxikarra igezko Bizkaiko Bertso Txapelketan kantetan. / BBE

Busturialdeko bost ordezkarik eta Lea Artibaiko beste bik parte hartuko dabe urriaren 6an hasiko diran kanporaketetan

IRATXE ASTUI BUSTURIALDEA.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren udazkeneko fasearen motorra abante doa dagoeneko. Udabarriko fasetik sailkatutako 29 bertsolari eta orain lau urteko finalista Oihana Bartra entzun ahal izango doguz hurrengo bost kanporaketetan, finalaurrekoetako txartelaren bila. Saioen programa, urriaren 6an hasiko da, hain zuzen be, Gernikako Lizeo Antzokian (17.00).

Udazkeneko kanporaketa saioetan, zonaldeko zazpi bertsolarik parte hartuko dabe. Busturialdeko ordezkariak izango dira Asier Galarza Garai (Muxika), Julen Erezuma Arzanegi (Gernika), Ander Elortegi Garatea (Natxitua), Julen Ibarguengoitia Ordorika (Gernika) eta Ibai Amillategi Omaetxebarria (Gernika). Lea Artibaitik, bestalde, Josune Aramendi Perez (Markina-Xemein) eta Lander Ibarluzea Bikandi 'Aitxulua' (Etxebarria) igoko dira taula gainera.

Finaulaurrekoetan, bertako Onintza Enbeita Maguregi (Muxika), Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia (Gernika), Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein) eta Xabat Galletebeitia Abaroa izango dira.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udazkeneko fasean bederatzi bertso saioz osotuta egongo da, hiru fasetan banatuta: kanporaketak, finalaurrekoak eta Bilbon jokatuko dan finala.

Berriatuan eta Lekeition

Saio bakotxan seina bertsolari egongo dira; Udabarriko fasetik sailkatutako 29 bertsolariak eta Oihana Bartra -2014ko txapelketaren finalista izan zalako-. Ondoren, hiru finalaurreko lehiatuko dabez; seina bertsolari bakotxean. Bost kanporaketen irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalerdietara, eta horrekaz batera, beste bost bertsolari puntuazioaren arabera sailkatuko dira.

2016ko txapelketaren zortzi bertsolari finalistak be fase honetan sartuko dira. Talde horren barruan dagoz, hain zuzen be, Onintza Enbeita eta Ibon Ajuriagojeaskoa. Finalaurrekoetako hiru irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalera, eta ganontzeko bost bertsolari finalistak puntuazioaren arabera sailkatutakoak izango dira.

Kanporaketak Gernikan (urriak 6), Santurtzin (urriak 14), Zornotzan (urriak 21), Plentzian (urriak 28) eta Berriatuan (azaroak 4) izango dira. Finalaurrekoak, bestale, Berrizen (azaroak 18), Igorren (azaroak 25) eta Lekeition (abenduak 1) egitea aurreikusita dago. «Finala, betiko moduan Miribillan izango da», zehaztu dabe Bizkaiko Bertsozale Elkarteko kideek.

Kanporaketetarako sarrerak salgai dagoz dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian. Saioetako egunetan txarteldegietan be eskuratu ahalko dira, 16:00etatik aurrera.Kanporaketetako sarrerak 8 euroan erosi leitekez, finalaurrekoetakoak 11 euroan eta finalekoak, 18an. Bertsozale Alkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek deskontuak daukiez eta saio guztietarako -finalerako izan ezik- bonoa be atera ahal dabe, 54 euroan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos