40 urte eta gero… hau ospakizuna!
Karlos del Olmo
Jueves, 11 de abril 2024
Zer dira berrogei urte pertsona baten bizitzan, herri baten historian, gizarte baten bilakabidean, futbol klub baten ibilbidean eta zaleen bihotzean? Asko eta gutxi, nondik begiratzen ... diogun. Duela berrogei urte, Bizkaia eta Bilbo egoera latzagoan zeuden, alderdi guztietatik. Hura ezagutu ez duenak nekez irudika lezake garai hura, eta, giro gogor hartan, Athleticek ilusioa piztu zuen bihotz askotan. Beste belaunaldi bat egon da apirilaren hamaikako ospakuntza honetan… betiko joan zaigunaren ordez. Bai, dena aldatu da, azalez eta mamiz, halere, ospatzeko gogoa, lehengo bera!
Gabarrak egin beharreko hamalau bat kilometroko itsasaldi horretan, Ibaizabal bera aldatuta dago, garbiagoa da, eta behin eta berriz etorri gura izaten du gabarraren branka bustitzera.
Betiko gabarra da, muinean, baina, sugeen antzera, atorraz mudatu eta apainago agertu zaigu, lehengo eta oraingo industriaren lekuko. Bizirik balego, harrituta ikusiko luke zenbat hobetu diren ezkerraldea nahiz eskuinaldea!
1984ko bandera Udaletxeko balkoian dela, Bilbo odol berritu batera heldu dira gabarra eta lagungoa, mundura zabalago dagoen hiriburu batera, bisitariak nahiz migranteak beso zabal hartzen dituzten herritar batzuengana.
Oraingoan, itsasoa amets duen burdinazko jauregi bat, lorezko txakur bat eta titaniozko txabola bat egon dira begira, gu bezain hunkituta eta harrituta, zubi berriez gain, zendutakoen omenezko lore eskaintzan ere.
Athletic lehengo bera da… eta ez da, klubean emakumeak aurrerapauso irmoak egiten doazelako, atergabe, zelaian, harmailan eta zuzendaritza taldean, eta kluba arrazismoaren nahiz indarkeriaren aurka tinko borrokatzen delako.
Pozik ikusi dugu, ospakizun hartan ez legez, gizon zuriez gain, migranteen semeak nahiz emakumeren bat edo beste (gutxiegi, dena dela) ere izan direla gabarran. Eta beste ospakizun hartako protagonistak ere alboan, bidaide.
Erabat aldatu gara denok berrogei urteotan, baina ez da aldatu zerbait gure baitan: haria ez da eten, bizirik gaude eta bidaia aurrera doa!
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión