35 urte eta gero, hau
Aurrera begirako erronkei heldu guran, sakoneko proposamen politikoa plazaratu dute duela bi asteburu Bilduk eta EH Baik. Bide orri antzekoa zehazteaz gain, erabaki eskubidearen aldeko ekinari bultzada berria eman nahian ari dira
joseba arruti
Lunes, 2 de febrero 2015, 01:25
'Euskal bidea' deitu diote EH Bilduk eta Euskal Herria Baik etorkizunerako euren proposamen politiko bateratuari. Erabakitzeko eskubidea oinarritzat hartuz, prozesu eratzailea abiarazi gura dute aldebakartasunetik, Euskal Estatua sortzea helburutzat jota. Duela bi asteburu aurkeztu zuten Irunen, Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko mugatik metro gutxitara. Dokumentuak egungo errealitate politiko-administratiboa aintzat hartzen du eta Euskal Herrian dauden nazio sentipen eta identitateak "demokratikoki kudeatu behar" direla dio. Epe laburreko urrats modura Nafarroan aldaketa politikoa bultzatzea, Iparraldearen instituzionalizazioaren alde egitea eta EAEn estatus politiko berria ahalbidetzea proposatzen dute.
Publicidad
Testuinguru horretan, hitzartutakoaren arabera, "erritmo ezberdinak eta pauso berezituak" emango lirateke, aldi berean Udalbiltza indartuta. Prozesuak hiru fase izango lituzke. "Eremu bakoitzeko herritarrek beren buruari erabakitzeko eskubidea gauzatzeko gaitasuna" eman eta horietako bakoitzak "autoeraketari" ekingo lioke, "gehiengo sozial, politiko eta instituzionalak bultzatuta", modu horretan "eredu juridiko-politikoaren gaineko erabakiak" hartu ahal izateko. Halaber, EAE eta Nafarroaren arteko harremanari dagokionez, Estatuarekin izan beharrekoaren gainetik jarriko lukete, "Hego Euskal Herriko lurralde batasuna lortze aldera".
Erabakitzeko eskubideari buruz, "aitorpen formal bati itxaroten" egon beharrean, bilakaera "dinamiko eta graduala" proposatzen dute, berori "prozesu eratzailerako ardatza delako". Aipatutako hari horietatik tiraka, eta lanean hasteko, 'Eskubide guztiak herritar guztiontzat' hitzarmena adosten ahaleginduko dira bestelako eragileekin, ondoren erakundeetan eta bestelako eremuetan sinatzaileen artean erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoak osatu ahal izateko eta, beharrezkoa dela iritzitakoan, "konfrontazio demokratikoari" ekiteko.
Jakina denez, ezker abertzalearen ildo nagusiak duela zenbait urte egin zion uko honelako prozesu baten abiapuntuan Euskal Herria osotasunean hartzeari. Beraz, orain aurkeztutako dokumentua bere estrategia historikoaren porrotaren ispilu da, beste behin. Herri Batasunak hamaikatxo proposamen handigurako baina antzu landu zituen 80. eta 90. hamarkadetan, oinarri faltsuetatik abiatzen zirenak. Nazio eraikuntza amaituta balego bezala jarduten zuten, independentziarako urratsa baino falta ez zelakoan. Hain ondo ezagutzen ei zuten herria arrotza zitzaiela erakutsi zuten behin eta berriro, Euskal Herriko benetako errealitatetik ezin urrutiago aritu baitziren. Orduan zegoen eta gaur egun dagoen aniztasuna ukatzen zuten, eta zatiketa administratiboen ardura estatuei leporatzen zioten soilik, hauteskunde demokratikoetan zehaztutako gehiengoek zerikusirik ez zutelakoan edo.
Ehundaka hildako eta 35 urte eta gero, Euskal Herrian nazio eraikuntzari dagokionez bide luzea dagoela egiteko eta ildo demokratikoetatik baino ez dela lortuko konturatu da, azkenean, ezker abertzalea. 2000. urtean zatiketa eragin zuen Batasuna prozesuan gutxiengo izandakoak aspaldi gailendu ziren maila estrategikoan ezker abertzalearen baitan, indarkeriaren magalean ekin ziotenen itsukeria ezin nabarmenagoa izan baitzen orduko hartan ere.
Publicidad
'Euskal bidea'ren alde egin duten bi koalizioen egoerak baldintzatuko du proposamenaren etorkizuna, epe laburrean behintzat. Eta testuingurua ez da onena. Iparraldean, esaterako, Frantzia mailako alderdiak dira jaun eta jabe eta egungo egoera nekez aldatuko da hori horrela den bitartean. Egitura administratibo berria Iparraldetik urrundu egin da, hurbildu beharrean. Beraz, erabaki eskubidea ametsa besterik ez da bertan, eta instituzionalizazioan edo euskararen ofizialtasunerako bidean urrats txikiren bat egitea ere sekulako lorpena izango litzateke. Ondorioz, aldebakartasunak ezer gutxi eman dezake han. Hegoaldean, EH Bilduri dagokionez, ez du ematen 2015a urterik onena izango duenik. Sortu da nagusi koalizioan, argi eta garbi. EAk, 2009ko autonomikoetan hutsaren hurrengo izan eta gero, lehenak eskainitako arnasketa artifizialari esker dirau neurri handi batean, eta Aralar zeharo petralduta utzi zuten barne zatiketek. Bake prozesuarekin lotutakoek dagoeneko ez diote etekinik ematen ezker abertzaleari hauteskundeetan eta egunen batean zirt edo zart egin beharko du zintzilik daudenak behingoz konpondu eta garai berrian bete-betean murgiltzeko.
Dokumentua plazaratu dutenek badakite bakardadean ezin izango dutela askorik lortu. Horretarako EAJ ezinbesteko zaie eta baita abertzale ez diren beste zenbait alderdi ere. Haatik, jeltzaleek ohiko estrategiari eutsiko diote: nazio eraikuntzan jarraituko dute, pausoz pauso, EAEn Jaurlaritzatik eta beste eremuetan hurbilekoekin akordioak erdietsita. Bide horretatik abiatu dira beti eta ezker abertzaleak baino askoz gehiago lortu dute azken hiru hamarkadotan. Nazioa eraiki nahi duenak bere errealitatea sakon ezagutu eta tarteko helmuga askotan jardun behar duelako tontorrerako bidean. Eta, horretarako, ezberdin pentsatzen dutenekin ere lan egin behar da, lankidetzan aritzeko. Errealitatetik abiatzeak indartzen du naziogintza, adostasun esparruak zabaltzeak, integratzaile izateak; ez aldarrikapenetan irrintzi lehiaketak egiteak. Abertzale gehienak beti jabetu dira horretaz eta horri esker lortu da gaur egun dagoen guztia. Horretan bai, egindakoak ispilu izan behar du etorkizunekoa lantzeko.
Accede todo un mes por solo 0,99€
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión