Bizkaiko batzordeak.

Inkestetako Bizkaia

Foru hauteskundeak gertu dauden honetan, alderdi politikoak oso adi dabiltza, inkestek diotena arakatzen. Podemos-en parte hartzeak egungo panorama erabat alda zezakeela uste zutenen aurrean, Bizkaiko Aldundiaren azken galdeketak ez du aldaketa handirik iragartzen

JOSEBA ARRUTI

Lunes, 19 de enero 2015, 01:36

Hamabi urteko etapa luze bati emango zaio amaiera Bizkaian datorren maiatzaren 24ean. José Luis Bilbaoren agintaldia azkenengoak ematen ari da, dagoeneko. Ahaldun nagusiak egoera politiko onean esango du agur, aurkeztu denero herritarren babes zabala jaso eta gerora begira ere bere alderdia indartsu utzi ostean. Bizkaikoa panorama politiko egonkorra izan da aspaldion, gorabehera handirik gabekoa. EAJren nagusitasuna hautsiko duenik ez dago, eta oso atzean geratzen dira beti beste alderdi politiko guztiak foru bozetan. Podemos-en fenomenoak hori neurriren batean alda zezakeen aztertzen aritu dira adituak azken hilabeteotan, eta inkestaren batek baiezkoa erantzun zuen. Talde politiko berriak eremu zabala beregana zezakeela, jeltzaleek euren ohiko nagusitasunari eutsi arren.

Publicidad

Aldundiak plazaratu berri duen azterketa soziologikoak, ostera, usteak erdi ustel bihurtu ditu, eta neurria eman die egon litezkeen berritasunei. Abenduaren 15etik 18ra bitartean egindako galdeketak dioenaren arabera, EAJk emaitza ezin hobeak lortuko lituzke berriz, testuinguru politikoa zein den kontuan hartuta. Ia bozen %38rekin, 21-22 (22 ditu) batzarkide izango lituzke Gernikako Juntetxean. Ostean, Bilduk 11-12 (12), PSE-EEk 7-8 (9), Podemos-ek 5 eta PPk 4-5 (8). Laburpena nahi dutenentzat, zaharrak berri. Egonkortasuna nagusi eta aldaketa gutxi. Egia da beste talde bat sartzen dela, indartsu gainera, baina aurretiaz posible ziren konbinazio politiko gehienek indarrean jarraitzen dute.

EAJk hautagai berri batekin ekingo die hauteskundeei. Unai Rementeria gaztea da, baina luzaroan prestatutakoa, maila askotan esperientzia duena. Foru gobernuan aritu da azken urteotan, eta ondo ezagutzen ditu Aldundiko eta batzar nagusietako zirrikitu guztiak. Belaunaldi berri baten aldeko apustuak indartu egiten du jeltzaleen proposamena, garaiok aldaketak eskatzen dituztelako, idea eta asmo berriz betetako aurpegi gazteak. Iraganean galdu barik etorkizunari heltzeko prest daudenak. Eta horretan balore segurua aukeratu du Bizkaiko alderdi nagusiak. Hala, aipatutako inkestaren emaitzak egiazko bihurtuz gero, EAJk bakarrik jarraitu ahal izango du agintean, edo ia nahi duena gobernukide aukeratuta.

Kolpe bortitzena PPk jasoko luke, txingar goriaren antzera baitabil. Ez dira garai onak Rajoyren alderdiarentzat, eta zaila dirudi hemendik maiatzera egoerak hobera egitea. Espainia mailako faktoreez gain, EAEko popularren buruzagitzaren kudeaketa negargarria izaten ari da, alderdi barruko zatiketak areagotu baizik ez baititu egin. Baldintza horietan, lauzpabostean geratzea ez litzateke emaitza txarra PPrentzat, batik bat EAJri gehiengo osoa eskaintzeko aukera izango balu.

Inkestak iragarritakoa gertu dago Bizkaiko errealitate soziologikotik. Garai nahasiak dira, aldakorrak, krisi ekonomikoak politika iraultzekoak, baina Aldundiaren inkestak iragarritakoa bat dator aditu askoren usteekin. Bilduk lor lezakeenak ere ez du inor harrituko. Bizkaian ez du modurik aurrera egiteko, eta jeltzaleengana gerturatzeko. Urrun zegoen eta urrun jarraituko du. Proiektuari izenei baino garrantzi handiagoa ematen diotela nabarmendu dute beti, eta hala behar du, ahaldun nagusirako hautagaia ez baita bere aurpegi ezagunenetakoa. EAEn botere alternatiba erreala izan nahi badu, ezkerreko koalizioak bide luzea du oraindik Bizkaian eta, ziurrenik, maiatzean ez du egoera hori milimetro bakar bat ere aldatzerik lortuko.

Publicidad

Sozialistek nahikoa izango dute eustearekin. Hondoa jota jarraitzen dute eta zuzendaritza federalean zein Euskadikoan izandako buru aldaketek zeudenean utziko dituzte oraingoz. Sinesgarritasuna berreskuratzeko lanean badute zeregina, eta horretarako, besteak beste, PP ahalik eta urrunen mantendu behar dute, baita eredu ekonomikoari dagokionez ere.

Podemos-ek barne antolaketa lanetan dihardu, iragan gutxiko buruzagi gazteen eskutik, aldarrikapen izandakoak proposamen zehatz bihurtzen. Bizkaian ez du beste zenbait lurraldetako indarra lortuko, baina indartsu sartuko da batzar nagusietan. Geratzeko datorren edo eguneroko politikan ezereztuko den ikusi beharko da datorren legealdian. Adierazpenak egitetik eguneroko lanera dagoen jauziak edozein talde politikoren egituren indarra erakusten du, eta ahuleziak ageriko egin ere.

Publicidad

Bizkaia nortasun politiko handiko lurraldea da, eta lehen mailako eragileak eskatzen ditu. Etapa berriek ekarri ohi duten itxaropen eta espektatibaz beteta dator honakoa ere. Aldaketa ugarikoak izango dira datozen lau urteak, eta desafio handikoak. Bizkaitarrek oraingo bidetik jarraitu gura dute, antza. Garaiotan hala izateak hamaikatxo ondoriozko hausnarketa eragin beharko luke.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad