Zuriñe Hidalgo: «Egungo beldurra eta estresari aurre egiteko meditazioa tresna ezinhobea da»
ETB1ek estreinatu duen Adinberri saioaren aurkezlea da, nagusiei zuzenduta dagoen programa. Meditazioa eta ariketa fisiko ezberdinak proposatzen dizkiete egunero ordu erdiz
Jon Ander Goitia
Osteguna, 16 apirila 2020, 01:02
Bere ahotsa denok entzun izan dugu noiz edo noiz, musikan, Hesianen eskutik egiten jarraitzen duen bide artistikoari esker. Eta tonu goxoago batean, haurrei zuzendutako telebista saioetan. Baina ez orain hartu duen rolean: meditazioan. Bide berri honi ekin dio Zuriñe Hidalgok (Gasteiz, 1990), berarekin daraman indar positiboa beti lagun izanik. Nagusiei zuzenduta, asteartean estreinatu zuen astero (astelehenetik ostiralera, 11.00etan) ETB1en zuzenduko duen Adinberri saioa. Meditazioa eta ariketa fisikoa uztartuz, gizarte talde honen egoera fisikoa eta emozionala sustatzeko helburua hartu du.
Lan horretan ez da bakarrik arituko, Iñigo Vicens berarekin izango baita, atal fisikoaz arduratzen. Elkarrekin ordu erdiko luzapena duen programa osatzen dute, bakoitzak bere zatian gomendio eta ariketa ezberdinak proposatuz. Pozik azaltzen da lortutako emaitzarekin. «Polita» iruditzen zaio etxeetara nagusiei zuzenduta zabaltzen duten egitasmoa. Orain arte, Hidalgo gure buruetan sartu baldin bada abesteko edo istorioak kontatzeko, saioan bere helburua guztiz kontrakoa da: ideiak eta pentsamenduak kanpoan uztea.
-Egun bizi dugun krisi egoeran, agian 'sendagai' onena dute honakoa nagusiek, denok hartu beharko genukeen 'pilula'.
-Osasunaren aldetik begiratuta, meditazioa ezinbestekoa da. Orain denok gaude nahiko arduratuta gertatuko denarekin; estres handia eta beldur handia sentitzen dugu. Inportantea da, ahal den heinean, bi aspektu hauek pixka bat lasaitzea eta gure gorputzarekin konektatzeko momentu hori edukitzea. Arlo fisikoak ere garrantzia handia hartzen du. Pertsona nagusiek behar dute mugimenduan egon, ariketa egin. Kalera ezin badira irten, etxean egin behar dituzte entrenamenduak. Eta hori da hain justu guk ekartzen dieguna.
-Egunerokoan gogotsu egoteko tresnak…
-Eta bakoitzaren gorputzera moldatuta daudenak. Aniztasunari eskainita dagoen saioa da. Azken finean, bakoitzak bere mugak badauzka eta horietara egokitzen gara. Adibidez, lehen eserita egiten genuen meditazio ariketa bat orain ahulki batean ere egiten hasi gara. Gauza bera gertatzen da ariketa fisikoen kasuan. Eta zatiren bat ikusten badute ezin dutela egin ez da ezer gertatzen, hurrengoa itxaroten dago.
-Ariketa zerrenda luze bat, baina arin pasatzen dena. Zure eskutik meditazioaren munduan sartuko dira, agian esparru berria batzuentzat.
-Magikoa da. Askotan lotzen da burua zuri uztearekin, baina gorputza berez ez da deskonektatzen. Konektatuta mantentzen da, arreta guztia puntu batean jarriz; adibidez, arnasketan. Garrantzitsua da onartzea lehenengo saioetan ezinezkoa edo oso zaila izango zaiela arreta puntu hori denbora luzean mantentzea. Etsitzeko nahia ere izango dute noizbait. Inportantea da jakitea pentsamendu horiek helduko direla eta heltzen diren bezala, joaten utzi behar direla, aldendu, alegia.
-Zaila aurreneko urratsak ematea 'ibiltzen' ikasi arte.
-Hau ez da egun batetik bestera lortzen den zerbait, poliki poliki eta maitasunetik eskuratzen dena baizik. Bi ikusle mota imajinatzen ditut telebistaren atzean: super kontzentratuta ahalik eta ondoen egiten saiatzen direnak, eta beste batzuk, aldiz, pixka bat desesperatuta lortzen ez dutelako. Kasuak eta kasuak egongo dira. Hasi baino ez gara egin, beraz denbora dago lortzeko. Bakoitzak erabaki dezan zenbat denbora eskaini nahi dion honi. Egunero egitea zoragarria izango litzateke, estresaren eta antsietatearen aurrean oso ondo etortzen delako.
-Berezia izango da zuretzat emaitza horren parte izatea.
-Nagusiekin lan egitea oso polita da, beste aldean daudenak zaintzeko beste modu bat delako hau. Oso modu erraz batean ateratzen zait txikiak –hainbat urtez haiei zuzendutako programak egin ditu- eta nagusiak zaintzea eta beraiei besarkada goxoak ematea. Haiek laguntzeko beharra daukat. Umeekin super gustura ibili naiz eta orain adineko pertsonekin aritzen naiz lehen aldiz. Ilusio handiarekin hartu dut erronka. Nire maitasun guztia ematea nahi dut, adinekoak gure maitasun guztia jaso behar dutelako.
Estreinaldiaren uneak
-Hasi dira dagoeneko maitasun hori jasotzen, asteartean estreinatu zenutelako saioa. ¿Nola bizi zenuen lehen emanaldia?
-Ezin izan nuen ikusi, hurrengo saioen grabaketan nengoelako. Orotara, 25 izango dira. Baina ikusiko dut. Egia esan, nire burua behartzen dut ikustera, arlo profesionaletik egokia delako jakitea nola ari zaren gauzak egiten, hobetu beharrekoak ikusteko. Nahiz eta oraindik kostatzen zaidan nire burua hor, telebistan, ikustea. Behin saio batzuk pasa direnean uzten diot hainbeste aztertzeari eta ez diot presio hori jartzen nire buruari.
-Baina ikusleen mezuak jaso dituzula ikusi dut, egindako lan finaren froga onena.
-Bai, eta oso polita izan da. Saioa bukatu den momentuan bertan mezu pila bat jasotzen hasi nintzen. Eta Instagramen jende pilo batek idatzi zidan esaten lehenengo aldia dela familiakoak kirola egiten ikusten duela (ja, ja).
-Arraroa egingo zitzaien zu aurrean isilik ikustea, zure ahotsa entzuten zuten bitartean.
-Telebistan ikusten nautenean da meditazioa egiten nagoelako, beraiek bezala. Gero off ahotsa grabatzen dugu eta gainean jartzen dugu. Momentuan arreta guztia arnasketan jartzen dut. Burura etorri ahal zaizkidan mila pentsamenduak aldentzen ditut. Azken finean ariketa honek hau proposatzen du: pentsamenduak aldentzea.
-Eta nola sentitzen zara gero?
-Meditazioa egiten dudan bakoitzean beste pertsona banintz bezala bukatzen dut.