https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Zurikerien abantaila

Zurikerien abantaila
Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Aldaketa nagusi bat gertatu bada esparru publiko eta ez hain publikoan azken urteotan, pentsatzen dena esateko orduan gehienok erabiltzen dugun autozentsura da. Gehiengoak ulertu du benetan pentsatzen duena mozorrotzen, haizeak agintzen duen norabidean, zer esan daitekeen eta zer isildu behar den.

Jokaera horrek baditu bere akatsak eta zurikeria ez da horien artean txikiena. Baina ez zaizkio alde onak falta. Adibidez, gainerakooi zikinkeria aurrezten digu, airea kutsatzen duen keria ugari urruntzen digu belarri eta burmuinetik. Hain zuzen, edozein giza talde baztertzeko joerak nekez aipatzen dira esparru publikoan. Arrazakeria, matxismoa, era guztietako gailenkeriak apenas aipatzen diren.

Aipatu ez, gauzatu bai. Errazegi esaten dugu gauza bat eta kontrakoa egin, hitz zintzoek egindakoa, gauzatutakoa, zurituko balute bezala. Horregatik ikasi behar dugu garrantzi gehiago ematen egiten denari esaten denari baino, errazago delako hitzak aldatzea. Errazegi, agian.

Norbanakoaren bizitzan kontu honek ez du garrantzi handirik, gehienetan onartzen dugu guztiok dugula kontraesanen bat, pentsatzen duguna eta egiten duguna ez datozelako beti bat. Arazorik handiena, benetako arazoa, esparru publikoan gertatzen da, eta, batez ere, esparru publikoaren gailurrean daudenen kontraesanen aurrean.

Urteetan gobernatzen gaituztenen artean egondako gizon batek kontatu zidan behin norbaitek ataka baten aurrean jarri zuela, ustelkeria kasu baten inguruan. Zer egingo zukeen galdetu omen zion. Eta adiskideak erantzun omen zion ez zekiela zer egingo zukeen, ataka horretan aurkitu izan balitz. Baina jakin bazekiela zer egin behar zen.

Hor dago koska. Eta norberak erabaki behar du nola askatu bizi dituen kontraesanen korapiloa. Are gehiago, lehen erabakia kontraesan horiekin bizi nahi duen ala ez erabakitzea da.

Hori bai, agintarien kontraesanen aurrean ez genuke amore eman behar, ez genituzke isilpean utzi behar.

Temas

Euskera