Zuhaitzaren neurketa gauzatuko dute igandean Zeanurin, San Balendin jaiaren baitan
64 urte dituen tradizioa den artea San Balendin egunaren aurreko igandean ospatu ohi da
Unai Sarriugarte
Viernes, 10 de febrero 2023, 21:37
Zeanuritarrek duela 64 urtetik tradizioa den artea zuhaitzaren neurketa gauzatuko dute San Balendin jaiaren baitan. Arratiako udalerri honetako Elizondo auzoan izango da Piedadea izenaz ezagutzen den ermitaren aladamenetan. Egitasmo hauxe San Balendin egunaren aurreko igandean ospatu ohi da, hau da, igande honetan, otsailaren 12an.
Jai honen baitan egitarau oparoa atondu dute. Goizeko 11:30ean meza ospatuko dute Andra Mari parrokian. Mezaren ondoren, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoen ermitara eramango dute prozesio baten bitartez. Zeanuriko umeek agurra dantzatuko diote santuari eta prozesioan irudia parrokiara itzuliko dute, datorren urterako erabili dadin.
Meza eta prozesioarekin jada amaituta, ermitaren aldamenetan dagoen artearen neurketari ekingo diote, baita neurketa hauxe ziurtatzen duten akta ofiziala sinatu ere. Sinadura hauxe aurtengo maiordomoak landuko du, hau da, Rosi Ipiñazarrek. Era berean, datorren urteko maiordomoa izango den Itsasne Atutxari lekukoa igaroko dio Ipiñazarrek, agiri-liburua eta ermitaren giltza bermatuko dizkiolarik.
Horrez gain, artearen neurketara bertaratzen direnek mokadutxo goxo batez disfrutatzeko aukera izango dute, urdaiaz eta ardauaz horniturik egongo dena. Otordu hauxe herriko txistularien musika soinuez eta Arkaitz Estiballes bertsolariaren kantuez girotuta egongo da.
Nabarmentzekoa da duela 64 urte elizondotarrek hasitako tradizio hauxe duela 14 urte bertan behera geratu zela, aldi batean jaia ospatu gabe egon direlarik. Baina, duela urte batzuk tradizioa berreskuratu eta ofizialtasuna eman nahi izan diote Piedadeko artearen neurketarekin jarraituaz.
Pedro Lejarza eleizondotarrak nabarmendu duenez, Piedadearen aurrean dagoen bigarren artean dugu hauxe, lehenago leku berean egon zen beste baten ordezkoa da, alegia. Lehendabiziko arte hori neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratu ohi zen.