Zinegoak jaialdiaren 17. edizioak sexu aniztazuna aldarrikatuko du berriro ere
ZINEMA ·
LGTBI Zinemaren eta Arte Eszenikoen Nazioarteko festibala otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean ospatuko da BilbonUNAI SARRIUGARTE
Igandea, 22 abendua 2019, 22:38
Zinegoak zinema jaialdiaren 17. edizioak sexu aniztazuna aldarrikatuko du berriro ere. Izan ere, LGTBI Zinemaren eta Arte Eszenikoen Nazioarteko festibala otsailaren 24tik martxoaren 8ra bitartean ospatuko da Bilbon. Bertan hainbat proiekzio eta sari banaketa eskainiko dira.
Bilbon antolatutako egitasmoa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lurralde historikoetara hedatuko da martxoan eta apirilean. Hala, 50 udalerritan emango dituzte ekoizpenok, 17. Zinegoakeko lanik esanguratsuenak, hain zuzen. Ekimen honek Bizkaiko hiriburutik at egindako jardueretan jauzi kualitatiboa egitea du xede.
Pau Guillen jaialdiaren zuzendariak duela egun batzuk nabarmendu zuenez: «badakigu jaialdiaren ardatza Bilbon dagoela, eta gainera harrera urtetik urtera handiagoa da, baina obrak ahalik eta herri gehienetara heltzea nahi dugu».
Dena den, Bilbon ospatuko da jaialdiaren zatirik esanguratsuena. Egitarauak aurten ere hiru atal nagusi aurkeztuko ditu: FIK, DOK eta KRAK sailak. Sortzaileek 500 hautagaitza inguru bidali dizkiete festibalaren antolatzailei. Bertan filmak eta arte eszenikoak uztartzen dira eta epaimahaiak ekoizpen interesgarrienen artean hautatu beharko dituzte.
Zinegoaken lehendabiziko asteak fikzioa izango du ardatz. Golem Alhondiga zinema-aretoetako eta Art House Cinemako programazioaren bitartez. Bigarren astean, aldiz, dokumentalen eta jarduera osogarrien txanda izango da eta hauxe Bilborocken ospatuko da.