Zinegabonak programak egitasmo ezberdinak eskainiko ditu Euskal Herrian barrena
Zineuskadi erakundeak antolatzen ditu jardunaldiok, EZAE eta Euskal Irrati Telebistaren laguntzari esker
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 25 abendua 2019, 10:50
Zinegabonak programak egitasmo ezberdinak eskainiko ditu Euskal Herrian barrena. Jarduera hauek Bilbon, Donostian, Mungian, Beasainen, Iruñean eta Urruñan ospatuko dira. Zinemarekin erlazionatutako ekintza hauek familiartekoekin une ahaztezinak igarotzea dute xede. Zineuskadi erakundeak antolatzen ditu jardunaldiok, EZAE eta Euskal Irrati Telebistaren laguntzari esker.
Bisitariek luzemetraiak euskarara bikoiztuta edo azpititulauta ikusi ahal izango dituzte euro baten truke soilik. Ekoizpenak goizeko hamaika eta erdietan emango dituzte. Bertan etxeko txikienek zinemagintzan azken urteotan jorratu diren berritasunez gozatu ahal egingo dute.
Bilbon lau eguneko egitaraua antolatu dute. Lehenengo emanaldiak Euskal Irrati Telebistaren Multibox aretoan izango dira, abenduaren 26an eta 27an. Bertan 'Zikoinak' eta 'Harpetarra' filmak estreinatuko dituzte. Abenduaren 28 eta 29an, aldiz, Golem-Alhondiga aretoan proiektatuko dituzte 'Luis eta Estralurtarrak' eta 'Oin handiren semea' luzemetraiak.
Bestalde, Mungiako Olalde aretoan bi jardunaldi jorratuko dituzte Abenduaren 26an: lehendabiziko egunean, marrazki bizidunen tailerra, eta 27an, aldiz, 'Ploey' filma eskainiko dute.
Halaber, Gipuzkoan Beasainen eta Donostian ospatuko dira jardunaldi hauek. Donostian abenduaren 27, 28 eta 29an Principe zinemetan marrazki bizidunen tailerra eta bi filma proiektatuko dituzte 'Paddington' eta 'Harpetarra'. Era berean, Beasaineko Usurben ekitaldiak egingo dira abenduaren 26, 28 eta 29an. Lehendabiziko egunean, marrazki bizidunen tailerra eta, 28 eta 29an, 'Small Foot' eta 'Maya erlea 2: Ezti jokoak' ekoizpenak.
Iruñeko Golemen eta Urruñako Itsas Mendin izango dira Zinegabonak programaren gainerako geralekuak. Nafarroako hiriburuan zinema emanaldiak abenduaren 28 eta 29an izango dira. Lehendabiziko egunean, 'Oin handiren semea emango dute' eta bigarrenean, 'Maya erlea 2: Ezti jokoak'. Gainera, Urruñan (Lapurdi), egun berberetan 'The Wish Fish' eta 'Aita zonbia naiz' filmak emango dituzte.