Zaindu zerbitzuak hilean astearte batez emango du arreta Elorrion, Abadiñon, Berrizen, Iurretan eta Zaldibarren
Durangoko Elkartegiko bulegoetan ematen den arreta jarraituaz gain, teknikariak udalerrietara joango dira banan-banan arreta emateko, aurrez hitzordua eskatuta
NAHIKARI CAYADO
DURANGO
Larunbata, 16 urria 2021, 00:29
Durangaldeko Mankomunitateko Zaindu Zerbitzuak, mendekotasuna duten senitartekoak –batez ere adineko mendekoak– zaintzen dituzten pertsonei laguntzeko eta orientatzeko programak, aurrez aurreko jarduerei berrekin die hiruhileko honetan. Besteak beste, laguntza psikologikoko tailer berriekin, ohitura osasungarriei buruzko tailerrekin eta mendekotasunari buruzko hitzaldiekin itzuliko da zerbitzu presentziala.
Horrela, zerbitzuko profesionalek hilean egun batean emango dute arreta, banan-banan eta aurretik hitzordua eskatuta. Elorrion, Abadiñon eta Berrizen hileko lehen, bigarren eta hirugarren astearteetan eskainiko da, hurrenez hurren. Iurretan eta Zaldibarren ordea, hileko laugarren asteartean.
Bultzada horrekin, zerbitzuak bere presentzia indartzea bilatzen du, Durangaldeko herritarrengana hurbiltzen den aldi berean. Izan ere, Elkartegiko bulegoetan ematen den arreta jarraituaz gain, teknikariak udalerrietara joango dira banan-banan arreta emateko, aurrez hitzordua eskatuta.
Hitzordua hartzeko bideak Zaindu zerbitzuaren telefono zenbakia eta helbide elektronikoa dira: 946 200 546 - 680 425 764 edo 'zaindu.mdurango@bizkaia.org'.
Ordutegia ondorengo hau izango da:
Esan bezala, Elorrion hileko lehen astearteetan izango dira, goizeko 10.30etik 14:30etara bitartean. Tokia, herriko udaletxea izango da, Gizarte Ongizateko bulegoetan.
Abadiñon bestalde, hileko bigarren asteartean izango dira eta bi ordutegi ezberdin izango dituzte. Alde batetik, goizean, 10.00etan hasi eta eguerdiko 12.00etara arte, bertako udaletxean. Eta beste alde batetik, eguerdian emango dira Traña Matienako Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) ondorengo ordutegi honetan: 12.30etatik 14.30etara.
Berrizen bestalde, saioak hileko hirugarren asteartean izango dira, udaletxean bertan, 10.30ak eta 14.30ak bitartean.
Iurretan eta Zaldibarren azkenik, hileko laugarren astean izango direnak, horrela eskainiko dira: 9.30etatik 11.30etara bitartean Iurretako HAZen bulegoetan. Eta beranduxeago, 12.30etatik 14.30etara bitartean, Zaldibarko udaletxean.
Zaindu laguntzara zuzendutako doako programa da, menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntza, arreta eta orientazioa emateko. Etxean menpekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familien beharrei modu integralean heltzeko aukera ematen du. Programa Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria, Otxandio eta Zaldibar udalerrietako zaintzaileei dago zuzenduta.