Etorkinak, gazteria eta zurrumurruak
Idazkiaren izenburuarekin ia euskal gazteek etorkinei buruz joera xenofoborik duten galde liteke. Printzipioz gazteak ez dute tolerantziari buruzko aparteko estatusik. Gazte izatea, gazte izatea baino ez da. Gero, era askotako gazteak agertuko zaizkigu; gizartean dauden talde, sektore, klase eta azpi klaseen araberakoak.
Immigrazioaren kopurua euskal gizartean goruntz joango da. 2050. urtean, kolapsoa salbu, bere pisu demografikoa gutxienez biztanleria osoaren herena izango da. Egun, 280.000 pertsonaz osaturiko giza talde anitza da. Baina, eremu industriala barne, 400.000 lanpostu ezin betetzear egongo da urte horretan.
Zurrumurruak etorkinak kategorizatzeko erabiltzen diren estereotipoak izango lirateke. Estereotipoak saihestezinak dira, baina diskriminatzaileak etorkingoari buruzkoetan nagusi izaten dira. Horregatik, uste ustelak alboratu behar dira. Halere, sinesmen diren heinean sozialki errealitate datuak baino indartsuagoak dira. Oro har, gizarte hartzaile eta etorkinen arteko harremana asimetrikoa izaten da, bertakoen alde beti. Epe luzerako prozesuari begira win-win egoerara hurbiltzen saiatu behar da.
Etorkingoa aniztasunaren parametroetatik hainbeste aztertu beharrean, egoera estrukturaletik eta premien logiketatik erreparatzea egokiagoa da. Etorkingoaren oinarrizko agenda «paperak eta lana» da, hortik abiatu daiteke integrazio egonkorra eta. Aniztasunaren diskurtsoa oso ondo mugatu beharra dago, lehenengo eta behin, zertaz hitz egiten gauden jakiteko eta, bigarrenik, politikak egoki bideratzeko. Askotan aniztasun hitza immigrazio hitza izkutatzeko erabiltzen da. Egitate egiturazkoa da immigrazioa hegoaldean, eta erronka horri heldu behar zaio.
Estereotipoak bi mutur kontrajarritan oinarritzen dira:
Mutur inplakable bat dago, lau ustetan oinarrituta: 1) Beti etorkin gehiegi dago; 2) Etorkinek bertakoei lana kentzen diete; 3) Delinkuentzia sustatzen dute; eta 4) Pauta kultural integraezinak dituzte.
Mutur inpekable bat dago, beste lau ustetan oinarrituta: 1) Sekula ez dago etorkin gehiegi; 2) Lan esplotakuntza pairatzen dute; 3) Delitu bakarra bertakoen xenofobia da; eta 4) Etorkinen kultur pauta guztiak zalantzarik gabe aberasgarriak dira.
Hortik abiatuz eta argudioak nahastuz estereotipo ezberdinak sortzen dira, baina munduko azal osoan antzekoak edo berdinak dira, oinarrian metafora berbera dutelako: «bertakoen lan eta ondasunak kentzera datorrena da etorkina».
Zurrumurruak uste okerrak dira, euskal esaera zaharra jarraiki: «usteak, erdi ustel». Zurrumurruen aurka ekitea inpunitate eremuak borrokatzeko eta diskriminazioa gutxitzeko garrantzizkoa da. Gizarte baten kohesioa bere diskurtso eta errelatoetan ere oinarritzen da. Zurrumurruen aurkako estrategia abiatu zenean, 2010ean, kontsentsua zegoen errelato aproposak sortzearen inguruan. Trump eta fake news-en eta horren ondoko zalapartak estrategia ahuldu egin du. Egun guztiz bidezkotzat ikusten da etorkinen aurkako diskurtsoak neurrigabe ekoitzi eta plazaratzea.
Egoera guzti honetan zer esan gazteriari buruz. Ikuspegik, immigrazioaren euskal behatokiak, urtero egiten duen tolerantzia indizean gazteak mutur toleranteenean agertzen dira. Gazte izateaz gain beste ezaugarri konkurrente batzuk ezinbesteko dira: goi mailako ikasketak, agnostikoak, euskara, abertzaletasuna, ideologi ezkertiarra. Faktore hauekin toleranteagoak dira. Hau da, zoru ekonomiko ziurtatua eta ikasketak eta kultur kapital altua izanik etorkizuna hobeto aurreikusten da. Honen ondorioz aniztasunarekiko ikuspegi zabalagoa eta etorkinen onarpen handiagoa.
Aurreko aldagaiak baretu edo intentsitate eskasagokoak izan ahala, orduan eta tolerantzia txikiagoa. Horrela, sektore intolerantean bi azpi-talde daude: alde batetik, ideologikoki aniztasunaren aurkariak direnak (biztanleria zaharra, eskumarra, oso katolikoa eta espainiarzalea) eta, bestetik, zoru labankorra dutenak, eta horien artean adin gaztekoak ere aurki genitzake. Labankortasunaz gain, esaterako, hiriburuetan bizi badira, lehen mailako ikasketak badituzte, erdaldunak badira, ideologiaz zentrokoak edo eskuinekoak, nazionalista espainiarrak badira, sentimenduz euskaldun baino espainiarrago sentitzen badira, eta ez badaude gogobeteta beren egoera ekonomikoarekin eta langabezian badaude, edo eta etorkizunerako itxaropen normalak edo txarrak badituzte, intolerantziarako aukerak ugaritzen dira.
Panorama honetan, gazteria beste edozein adin tarteko biztanleria bezalaxe, etorkinen alde edo aurka ager daiteke. Fragmentazio ekonomikoa eta ideologikoa antzekoa izan daiteke adin tarte guztietan.
Egungo egoeran, gazteak, oro har, tolerantziatik hurbilago daude. Edonola ere, zurrumurruen aurkako eta antzeko ekimenak indartzen laguntza eskertzen da, helburu xume bat sendotu aldera: toleranteek anbibalenteei eutsi behar diete; bestela, uzkurren taldeak erakarriko ditu.
Egungo egoeran, gazteak, oro har, tolerantziatik hurbilago daude. Edonola ere, zurrumurruen aurkako eta antzeko ekimenak indartzen laguntza eskertzen da. Testuinguru horretan, abiatu berri da Bilbon 'Euskaragaz egizu match' programa, Eusko Ikaskuntzak sustatuta, gazteen artean estereotipoak eta aurreiritziak eraisteko eta euskara esparru formaletan zein informaletan sustatzeko. Edozein ekimen delarik zurrumurruen aurkako lanean, helburu xume bat sendotu beharko luke: toleranteek anbibalenteei eutsi behar diete; bestela, uzkurren taldeak erakarriko ditu».