Oporraldian ez dauden herrialdeetako 600 milioi haur baino gehiago daude eskolen itxieraren eraginpean
Afrikako ekialde nahiz hegoaldeko haurren %40, esaterako, eskolatu gabe dago gaur egun
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 28 uztaila 2021, 21:02
Afrikako ekialde nahiz hegoaldeko haurren %40 eskolatu gabe dago gaur egun. Covid-19aren uholde berrien harira, estimatzen da 32 milioi haur baino gehiago eskolatu gabe daudela pandemiagatik eremu horietan. Hauxe pandemia jazo baino lehen zeuden 37 milioi haurrei gehitu behar zaie, orotara 69 milioi haur inguru. Era berean, Latinoamerikan eta Karibeko 18 herrialdeetan ere, sekula ikusi diren itxierarik luzeenetako batzuen ondoren, eta zenbait irekiera izan arren, hainbat eskolek partzialki itxita jarraitzen dute.
Zehatzago esanda, Ipar hemisferioko eskolak itxita egonda ere, oporraldian ez dauden herrialdeetako 600 milioi haur baino gehiago daude eskolen itxieraren eraginpean. Horren harira, hezkuntzaren, segurtasunaren eta elikaduraren ordez, antsietatea, indarkeria eta nerabeen haurdunaldiak nagusitu dira.
Nazioarteko ikasleen herenarentzat hezkuntza telematikoa ezinezkoa da. Ekialdeko Asian eta Ozeano Barean, esaterako, 80 milioi haurrek baino gehiagok ezin izan dute urrrutiko hezkuntzaz gozatu, eskolen itxierak eman ondoren. Gainera, Ekialdeko nahiz hegoaldeko Afrikan eskolak hainbat hilabetez egon dira itxita, Ugandan 306 egun, eta, Hego Sudanen, aldiz, 231 egun, esate baterako. Hauexek interneten bitartez klaseak jarraitzeko dituzten aukerak oso murritzak dira.
Datuok James Elder UNICEFeko bozeramaileak eman zituen ezagutzera aurreko astelehenean, Genevako Nazioen Jauregian emandako prentsaurreko batean. Bere esanetan: «Ez dago hezkuntza baino inbertsio hoberik, eskolatzeak nazioarteko diru-sarrerak % 10 handitzen baititu urtean. Era berean, lehen eta bigarren mailako eskolak koronabirusaren transmisio-gune nagusien artean ez daudela izan behar dugu kontuan», mahaigaineratu du.
Guzti honen harira, UNICEFek bost ekintza gauzatzea exijitzen du. Batetik, eskolen berehalako irekiera, eta baita irakaskuntza egun arte jaso ahal izan ez duten kolektiboei ahalbidetzea ere. Halaber, herrialdetako agintariek irakaskuntzara doazen aurrekontuak babestea, eta hauek batez ere herrialde kaltetuenetara bideratzea. Azkenik, txertoen bidezko banaketa bat nazioartean gauzatzea eskatu dute.