UEMAk 100 udalen langa gadindituko du
Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehituko dira eta, beraz, 101 udal izatera helduko da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea
Zurekin
Miércoles, 15 de marzo 2023, 10:28
UEMAk ehun udalen langa gaindituko du datorren astean. Izan ere, martxoaren 25a, mugarria izango da Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen historian. Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria gehituko dira, 101 udal izatera helduko delarik UEMA. Langa sinbolikoa gaindituta, ekitaldia ospatuko dute Azpeitian, udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeri eta herri honi egiten dioten ekarpena nabarmentzeko.
UEMAko lehendakaria den Iraitz Lazkanok adierazi duenez, hiru helburu ditu martxoaren 25eko ekitaldiak. «Batetik, 101 udal horiek euskaratik eta euskaraz herri honi egiten dioten ekarpena aitortzea eta eskertzea. Horretarako, udal horietako ordezkariak ez ezik, udalerri horietako euskalgintzako lagunak ere gonbidatu ditugu, aitortza eta eskertza guztientzat izatea nahi dugulako».
Bigarrenik, udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmentzea. «Euskararen erdia udalerri euskaldunetan ekoizten dela adierazten dute adituek eta soziolinguistek. Ekoitzi ez ezik, biziberritu ere egiten da euskara udalerri euskaldunetan, belaunaldiz belaunaldi, modu naturalean. Horrek egundoko eragina dauka euskararen erabileran, udalerri euskaldunetan ez ezik udalerri euskaldunetako herritarrek beste herrietara ere zabaltzen dutelako euskara, efektu biderkatzailea sortuz. Beraz, ezinbestekoa da udalerri euskaldunak zaintzea, babestea eta garatzea, eta hori ere gogoratuko dugu».
Lazkanoren hitzetan, azkenik, «euskaldunak eta udalerri euskaldunak asko aldatu dira, eta horren eraginez erronka berriak ditugu udalerri euskaldunetan, ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala leuntzeko. Herritarren kontzientziazioan eragiten jarraituko dugu, baina askoz neurri sendoagoak ere behar ditugu. Horiei buruz aritu eta aurrera egiteko ditugun erronkak ere aipatuko ditugu ekitaldian, hurrengo lau urteotan hartuko ditugun erabakiek baldintzatuko dutelako euskararen etorkizuna».