https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Txukun eta garbi

Ez dakit egia ote den, baina irakurri dut Japoniako eskoletan ez dagoela garbitzailerik edo, beste modu batera esanda, bertako guztiok direla garbitzaile, irakasleak nahiz ikasleak

Txukun eta garbi
Reuters
Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Ez dakit egia ote den, baina irakurri dut Japoniako eskoletan ez dagoela garbitzailerik edo, beste modu batera esanda, bertako guztiok direla garbitzaile, irakasleak nahiz ikasleak. Ikasleak txukuntzen dituzte egunero ikasgelak, patioa, eskailerak, komunak eta horrek, nola ez, ahal den gutxien zikintzera bultzatzen ditu.

Eta ez eskoletan bakarrik. Azken Munduko Futbol txapelketan, Errusian, argazki batzuetan ikusi genuen nola utzi zuten aldagela jokalariek azken partidaren ondoren: garbi, txukun, distiratsu, beste erabilera baterako prest. Gainera, txartel batean idatzi zuten eskerrak ematen zizkietela gonbidatzaileei. Gainerako guztien harridurarako.

Behin bakarrik izan naiz Japonian, hiru aste aberats, eta egunero, orduero egiaztatu ahal izan nuen, hiri handitan nahiz herri txikitan, ze modu nabarmenean diren txukunak eta ordenatuak bertakoak, ze zabarrak ginen gu haien ondoan. Ilaratan, kalea gurutzatzerakoan, metroan, etxean. Epikarik gabeko armada bateko kide isilak iruditu zitzaizkidan japoniarrak. Eta horrekin batera, tarteka eromenik zoroenean murgilduak. Oreka kontua, nonbait.

Gu, berriz, hegoaldeari leporatzen zaizkion ohituretan murgildurik bizi gara. Garrasi batean egiten dugu hitz, edozer botatzen dugu lurrera edonon, are zakarrontzien inguruan, ukondoak jokatzen ditugu ilaratan, ez gaitu kezkatzen guk zikintzen duguna garbitu behar dutenen lana. Argi ditugu eskubideak, ez hainbeste betebeharrak.

Memoriak esaten dit ez zela horrela duela berrogeita hamar urte, baina arin ikasi dugu, irakasle izateko gaitasuneraino. Iparraldeko muga gurutzatzea besterik ez dago desberdintasun horretaz jabetzeko. Hegora begira bizi gara, ez Iparrera. Agian zoriontsuago gara orain, agian sentitzen dugu libreagoak garela.

Gelditzen zaizkigu oraindik iraganaren arrasto batzuk, baina ezabatuz doaz eta ez dirudi axola zaigunik. Algara zalapartatsuak airean zabalduz goaz nahaspilara, zoriontsu, axolagabe.

Temas

Euskera