Txelemon-Hermes, Ataunen
Antzerki honek identifikatu daitekeen eduki mitologiko zehatz bat du, indoeuropar ondarean oinarritzen dena
Joxe Migel Barandiaranek deskribatu zuen XIX. mendera arte Ataunen antzezten zen 'Txelemon' edo 'Zelemon' izeneko komedia. Ataundar antropologoaren esanetan, epaiketa baten egitura duen drama honen esanahia ordura arte argitu gabe zegoen. Antzezlan hau interpretatzerakoan argitu behar dena da zergatik dituzten pertsonaiek ezaugarri hautatu batzuk eta zergatik antzezten den epaiketan salaketa jakin bat, Txelemon akusatuari leporatzen zaiona.
Txelemoni buruzko ekarpen interesgarrienen artean, Barandiaranena eta Patri Urkizurena aipa daitezke. Biek azaltzen zuten Txelemonen testuinguru pragmatikoa. Barandiaranek Txelemon arta-zuriketaren inguruko eguzki erritoekin lotzen zuen eta Urkizuk urtaro horretan egiten diren disputa eta errandoekin erlazionatu zuen. Mikel Azurmendik, bestalde, antzezpenak zuen komunitatea erregulatzeko funtzio garrantzitsua azpimarratu du. Artikulu honetan nire asmoa da erakustea 'Txelemon' antzerkiak identifikatu daitekeen eduki mitologiko zehatz bat duela, indoeuropar ondarean oinarritzen dena eta urtaroaren testuinguruarekin ongi ezkontzen dena.
Hiru pertsonaia
Txelemonen ezkutuko kodea argitzeko hari bat behar da, eta hari hori pertsonaien irudia da. Barandiaranek (Obras completas, T. I, 233-234) horrela deskribatzen zituen pertsonaiak eta funtsezko argudioa: «Los actores eran: un muchacho (el reo), una muchacha (la acusadora) y un anciano o anciana (juez), todos cubiertos con sendas mantas desde la cabeza hasta los pies y con palos en sus manos. En el centro del escenario había una piedra redonda, cuyo diámetro podía ser de hasta dos decímetros. Sobre ella, en equilibrio poco estable, un celemín, medida de capacidad antigua». Orain erakutsiko dudan moduan, hiru pertsonaia hauek (Txelemon, Mari eta Epailea) indoeuropar mitologiako, Zirtze eta Hadesen bikoitzak dira.
Hermes, greziar mitologian, mugarrien jainkoa da, eta 'Herma' edo harrizko tontorra da bere ikurra edo ordezkaria. Txelemon izena zelemin neurriarekin lotzen da eta zelemina ez zen bakarrik zerealen neurri bat, lur zatiak neurtzeko tresna ere bazen. Horrez gainera, makila edo kaduzeo batekin irudikatzen da Hermes greziar marrazki eta edalontzietan. Txelemonek Hermesekin duen asoziazio zuzenena salaketaren edukiari dagokio.
Komedia honetan Marik Txelemoni abereak lapurtu dituela leporatzen dio, eta 'Hermesen Homeroren Himnoan' aipatzen da Hermesen lehen egintza, jaio eta berehala, Apoloren artaldea lapurtzea dela. Ildo horri jarraituz, Hermesek Zirtzerekin duen harremana ulertu dezakegu. Helios edo eguzkiaren alaba zen Zirtze, eta Heliosek beste bi alaba zituen, Phaetusa eta Lampetia, beren aitaren artaldea zaintzen zutenak, Homerok Odisean dioen moduan. Odisearen heroi nagusia, Ulises, genealogikoki Hermesen ondorengoa da, eta biek, jainkoak eta heroiak, deitura berbera dute tradizioan, 'polytropos' edo trikimailu anitzekoa.
Mari eta Zirtze
Txelemonen antzezpenean emakumezkoak Mari izena du, baina Mari honek Zirtzeren ezaugarri gehienak ditu. Alde batetik, makila bat darama, eta Homeroren Odisean (X. Kantuan) aipatzen da Zirtzek makilatxo bat duela bere magia erabiliz gizakiak animalia bihurtzeko. Marik eguzkiaren antzeko mugimendu zirkularra egiten du Txelemon inguratzen duen bitartean, eta Txelemonek Mariren mugimenduari jarraitzen dio eguzki-loreak eguzkiari jarraitzen dion modu berean. Mugimendu honek Zirtzeren izenarekin du zerikusia, 'Kirkoô' greziar hitzetik baitator eta «uztaiez ziurtatu» edo «uztaiaren mugimendua eginez inguratu» esan nahi du.
«Txelemonek trikimailudun pertsonaiak komunitatearentzat izan dezakeen alde arriskutsua azaltzen du»
Zirtzek duen botere magikoetako bat ibilgetzea da eta horixe da Marik Txelemon-Hermesekin egiten duena, bere subiranotasuna erakusteko. Zirtzek magiazko nahasketak eta edabeak erabiltzen ditu animaliak zein gizakiak bere mendean hartzeko. Txelemonek, antzerki honetan, lapiko bat darama buruz behera bere makilan zintzilikatuta, lapikoaren edukia irentsi duela adierazteko.
Hirugarren pertsonaia, epailea, Hades edo azpi-munduko jauna da. Greziar edalontzietako irudietan, gizon bizardunaren itxurarekin azaltzen da. Horrez gainera, Pindarok 'IX. Oda Olinpikoan' dioen moduan, Hadesek makila erabiltzen du hildakoak azpi-mundurantz gidatzeko. Azkenik, Platonek 'Gorgias' elkarrizketan dio hildakoen epailea dela Hades.
Esanahia zabalduz
Argi geratu da dagoeneko tradizio jakin batzuetatik hartzen zituela Txelemonek osagaiak. Haatik, eduki horiek Ataungo kultura popularrean isla edo onespena zutelako daude aukeratuta, gizartearen ehuna birmoldatzen zutelako, alegia. Horren adierazlea da Txelemonek arta-uztarekin duen lotura, San Martin egunaren inguruan (azaroaren 11n) antzezten baitzen. Badakigu, Pedrosa, Kalzakorta eta Astigarragari esker, San Martin 'trickster' bat zela Ataunen edo pertsonaia trikimailuduna. Alabaina, San Martinen mitoek gehien bat trickster-aren alderdi lagungarria irudikatzen dute.
Txelemonek, ordea, trikimailudun pertsonaiak komunitatearentzat izan dezakeen alde arriskutsua azaltzen du. Horrez gainera, ezin da baztertu trikimailudunaren presentzia zeltar kulturarekin izandako kontaktuen zeinua izan daitekeela. Aipagarria da Julio Zesarrek 'Galietako Gerra'n dioena, Merkurio (Hermesen antzeko erromatar jainkoa) zela Galiarren artean (Zelten artean) gehien irudikatutako jainkoa. Zentzu berean, Paul-Marie Duval historiagileak 'Les Dieux de la Gaule' liburuan dio erromatar probintzietan aurkitutako Merkurioren irudi guztien bi herenak galiar jatorrizkoak direla.
Beraz, mendebaldeko Europan eta batez ere zeltar kulturadun herrietan, Merkurio jainkoak indar handia zuen erlijio herrikoian. Hala ere, Txelemon komedian, Txelemon-Hermes Mariren subiranotasunaren mendean azaltzen da, ziur aski irudi hori ongi ezkontzen zelako Ataungo tradizioarekin. Kasu honetan, jainkozko pertsonaien arteko lehiak komunitatea indartu edo ahuldu zezaketen baloreak gauzatzen zituen eta istorioaren emaitza funtsezkoa zen ataundarrentzat.