Trantsizioak
Jendea ergeltzen dela dioenak ergelen artean sartuko luke bere burua?
Gure bizitzan gertatzen diren gauza asko ezustean gertatzen dira; ezin jakin aldez aurretik gertatuko direnik. Batzuk, gero, denbora igarota, zorionekoak suertatzen dira; beste batzuk, ordea, zoritxarreko, tamalez. Duela gutxi adiskide batekin hizketan ari nintzela, ekarri zuen jardunak trantsizioaren gaia, garai bateko kontuekin batera. Trantsizioa traizioa izan zela argudiatu zuen adiskideak, hain sutsuki argudiatu ere, ezen bazirudien kaltetuen artean zegoela, jakingo ez banu, gaurko argudio beroak, garai batekoak zirela, baina beste aldera bidaliak. Izan ere, trantsizioaldiak onura gehiago ekarri baitzion, malura baino. Gizakiok oso malguak gara, kanabera baten antzera, alde batera eta bestera gabiltza, sekula hausteke, ordea. Adiskidea betikoa zen, itxura batera, garaia ez dut esango betiko denik, itxura batera, baina ez naiz ausartuko hura epaitzera, neure burua epaitzea litzatekeelako. Historialariak, eta sasi jakintsuak mintzatu dira eta, dagoeneko, agerian utzi dituzte garai hartako onak eta txarrak. Baina denak konformidadean uztea ezinezkoa denez, orain hasi dira berri batzuk trantsizio berri baten beharra aldarrika.
Patuaren jokoa izan daiteke, Luis Antonio de Villena poetaren azkeneko liburuaren jabe egitea: 'Grandes galeones bajo la luz lunar'. Izenburuak erakarrita hartu nuen liburu-dendatik. Galeoi handiak irudikatu nituen, gau beltzean, itsaso ezezagun batean galduak, jitoan eta noraezean. Bai, gainbeheraren kutsua hartu nion, galerarena. Galeoiak galbidean, alegia poetak, 'estetak' Villenaren hizkuntzan, galduak edo zokoratuak ulertzen ez den errealitate batean. Aitormen poemak dira, bizitzaren errepasoa egiteko balio dutenak, estoizismo estetiko batez jan-tziak. Ez du betiere lortzen nostalgiaren badiatik itsasontzia urruntzea, baina kapitain pilotua saiatzen da gidatzen duena zuzen eramaten, ez dadin arrakala eta, ondorioz, puska. Poema bat dago, 'Democracia basura' deitzen da, eta irakur daiteke: «…trantsizio denbora, eredurik gabea, non dena eta denak, norabidea galduta, ergeltzen diren».
Jendea ergeltzen dela dioenak ergelen artean sartuko luke bere burua?, edo aparte dago? Ondasunak denak gureak direla pentsatzea bat da, eta txarkeriak denak besteenak, bestea. Baina aipatzen badut Villena beste kontu bategatik da. Sergei Balabanov zinema-zuzendari errusiarraren pelikula bat ikustea tokatu zitzaidan, esaten den bezala; patuak bere indarrak jarri zituen lerrokaturik, nik 'Cargo 200' haren pelikula ikus nezan. Zuzendaria ez nuen ezagutzen, ez nekien hila zegoenik ere, baina jakin-minez gehiago benetako interesagatik baino, pelikula hori ikusten hasi nintzen. Eta hara non pertsonaia batek dioen: «Eta bat-batean denak ergeldu ziren».
Trantsizioaz da pelikula. Afganistango gerran hildako soldaduak tren berezietan ekar-tzen zituzten sorterrira: 'Cargo 200', deitzen zieten. Eufemismoa, noski. Gerra horretan galtzaile ateratzeak, beste eragile askoren artean, ekarri zuen Sobiet Batasunaren suntsipena. Pelikulak gizarte baten gain-behera kontatzen du: nola bizioa zabaltzen den alde guztietan; nola aberats berriak sortzen diren, krimenari esker batik bat; nola ustelkeria denaren jabe, gorputz-arimen nagusi, egiten den; nola erregimen zaharrak indarrik ez duen garai berrietara egokitzeko, indarrez ez bada. Hori dena ikusten da pelikulan, eta hango hura ikusita gure honetara etorri nintzen. Zaharra ez da berritzen, indarrez ez bada; baina ezari-ezarian berria ere zahartzen da. Trantsizioa traizioa batzuetan; trantsazioa besteentzat. Baina hainbeste urte igaro eta gero, axola gutxi gehienoi.