Trantsizio energetikoa, zerbitzu publikoen hedatzea eta goi mailako irakaskuntza sustatzea, Euskal Hirigune Elkargoaren abiapuntu
Erakundeak bost urte bete dituen honetan Elkargoko presidente den Jean-Rene Etxegaraik Ipar Euskal Herriko etorkizun hurbileko lehentasunen berri eman du prentsaurreko batean
UNAI SARRIUGARTE
Ostirala, 11 otsaila 2022, 20:09
Trantsizio energetikoa, zerbitzu publikoen hedatzea eta goi mailako irakaskuntza sustatzea dira datozen urteei begira Euskal Hirigune Elkargoak abiapuntutzat dituen ildo estrategikoak. Izan ere, bost urte bete dituen honetan Elkargoko presidente den Jean-Rene Etxegaraik Ipar Euskal Herriko etorkizun hurbileko lehentasunen berri eman du prentsaurreko batean.
Batetik, beheraka doazen esparruetan zerbitzu publikoak areagotzea bilatuko dute, medikuen presentzia indartzea, esaterako. Mugikortasun edota garraio publikoak sendotzeko kompromisoa ere hartu du Elkargoak, baita haurtzaindegiak nahiz kultur eskaintza areagotzeko ahal duten guztia egingo dutela nabarmendu ere.
Bestalde, trantsizio energetikoaren esparruan Europar Batasunak ahalbidetutako diru-laguntzei esker, 48 milioi euro inguruko inbertsioa egitea estimatzen du Elkargoak. Dirutza horrekin hainbat egitasmo gauzatuko dituzte, azpiegitura publikoen zein sozialen berriztapen energetikoa, eta 70 bat eguzki zentral fotovoltaiko egitea, tarteko.
Halaber, goi mailako irakaskuntza berehala garatzeko intentzioa aurkezten du Euskal Hirigune Elkargoak, Euskadik aurkezten duen campus erreal bat eraikitzeraino. Egun 7.500 ikasle inguru daude formazioaren bat ikasten Ipar Euskal Herrian. Hortaz, lau urteren buruan 10.000 ikaslera ailegatzea espero dute, % 25 ikasle gehiago bereganatzea, hain zuzen ere.
Etxegarairen esanetan: «xede estrategiko bezain politikoa da, formakuntza eta instalazio osotasun koherente batera iristea». Izan ere, batxilergoa jada amaituta Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko gazteen gehiengo handia Frantziako beste erkiegoetara joan ohi da ikastera. Hori dela medio, Elkargoak hutsune honekin amaitu nahi du, ikasleek Ipar Euskal Herrian goi mailako irakaskuntza egin ahal izan dezaten.
Azken ildo honen inguruan bi helburu ditu aurretik Elkargoak. Batetik, 'Irekia' izeneko proiektua, Paueko eta Aturri bazterreko unibertsitatearen Ipar Euskal Herriko ikasleen kopurua bikoizteko hamar urteren buruan, 4.000 ikasle izatetik 8.000 ailegatuz. Bestetik, hiru urteko formakuntza martxan jartzea Maulen, enpresen teknologia garapenean espezializatuko litzatekena.