Tash Sultana: kalean jotzetik, 'MTV Unplugged' saioa grabatzera
Gitar jotzaile honek hamar instrumentu baino gehiago jo ditzake eta ezaguna egin da mundu osoan bere estilo pertsonal eta paregabeagatik
Mebourneko kaleetan jotzetik, milaka kontzertu ematera. Tash Sultana gitar jotzaile australiarraren ibilbidea meteorikoa izan da. Gaztaro zaila izan zuen arren, mundu osoan ezagutzera eman zen 'Jungle' eta 'Notion' abestiekin. Orain, MTV Unplugged saioetan parte hartuko duelaren berri eman du Estatu Batuetako musika kateak.
Tash Sultana hiru urterekin hasi zen gitarra jotzen eta, gaur egun, hamar instrumentu baino gehiago jo ditzake: pianoa, bateria, saxofoia... 17 urte zituela bere droga menpekotasunak psikosia eragin zion eta zenbait hilabete pasa zituen terapian, osatu arte. Horren ostean, inork lanik eman nahi ez zionez, Melbourneko kaleetan gitarra jotzen hasi zen loop pedal batekin eta bertakoak harritu zituen bere soinu paregabearekin.
99 milioi erreprodukzio
2016an, bere abestiak interneten partekatzen hasi zen eta 'Jungle' kantarekin musikaren industriara salto egin zuen. Gaur egun bideo horrek 99 milioi erreprodukzio ditu eta Sultanak milaka jarraitzaile bildu ditzake kontzertu batean. Azken aldi honetan, Fender markak bere sinadura duen gitarra seriea atera du.
Jotzeko duen modua oso pertsonala da, non hainbat eta hainbat musika estiloren kutsua antzeman daitekeen: rock, funk, soul, reggae... Abeslari ona ere bada eta bere ahotsak Janis Jopplin artista gogora ekartzen du. Kantatzeko eta gitarra jotzeko gaitasunak konposizio izugarriak egiteko balio izan dio. Beat-boxen ere trebatua da, beraz, bera bakarrik musika talde baten soinu guztiak egiteko kapaza da. Laster MTV-n ikusteko aukera izango dugu. «Bertan jotzea oso berezia da niretzat, eta nire herrian egiteak, gainera, askoz bereziago egiten du», dio Sultanak.