Merina Grisen etorkizun oparoa
Hirukoteak 'Zuloa' izeneko diskoa atera berri du
«Muchos cuando río, nadie cuando lloro» (Barrez nagoenean, asko; negarrez nagoenean, inor ez) esaldia buklean daukat buruan. 'Errudunak'? Merina Gris hirukotea. 'Zuloa' izeneko diskoa argitaratu berri dute, bigarrena. Debut potente baten ondorengoko lan elebidun honek ere lehenengo haren xarma badauka. Estilo benetan pertsonala daukate, pop elektroniko bortitza, haiek askotan definitu duten bezala.
Ez dut gogoratzen nola heldu zen Merina Gris nigana. Baina ondo baino hobeto gogoratzen dut taldearen indarra somatu nuenean. Gaztea Sarietako photocallean grabatzen geundela, banda desberdinei abesti bat norekin grabatu nahi zuten galdetu genien bandei eta behin eta berriro 'Merina Gris' erantzuna entzun genuen. Gainera, gau horretan galan jo zuten artista horien guztien aurrean.
Handik gutxira Bilbao BBK Live jaialdiko Txiki eszenatokian jo zuten, banda eta proiektu berriak ezagutzeko toki ederrean. Proiekzio handiko artistak entzun ditut maiz bertan. Eta gauza bera gertatu zitzaidan Merina Grisekin. Hori bai potentzia. Indarra, intentsitatea eta noizbehinka ere barealdia. Momentu horietan, izan ere, Sararen ahotsa Rigoberta Bandinirena ekartzen dit burura. Baina arineketan, berriz ere, intentsitatea.
Julenek, Paskalek eta Sarak ez dute haien abizenak 'eman', ezta haien aurpegiak. Ia kontzertu amaierara arte burua eztalita eramaten dute hain bereizgarriak diren maskara eta betaurreko haiekin. Etorkizunetik datozela dirudi, eta argi eta garbi ere badago etorkizun horretan topatuko ditugula eszenatoki gainean.