Ez da bakarrik ETSren momentua
En Tol Sarmientok 45.000 lagun batuko ditu BECen emango dituen hiru kontzertuetan
45.000 lagun batuko ditu ETSk aste bakarrean BEC aretoan. Larunbatean lehenengo kontzertua eskainiko du eta hurrengo biak 21 eta 22an izango dira. Euskal banda bakarrak orain arte eman duen zuzenekorik jendetsuena. Jai hirukoitza eta albiste bikaina. Gainera, sarrerak duela urte bat baino gehiago saldu zituzten.
Askotan idatzi dut txoko honetan euskal artisten lorpenak, euskal kultura maite dugunon lorpenak direla. Eta halaxe da. Urte asko eman ditugu pentsatzen hamar mila pertsonatik gorako edukiera duten aretoak ez direla gure musikarientzako lekuak. Oso gutxik bete ahal zituztela. Berri Txarrak-ek edo Fermin Muguruzak, askoz jota. Agian Gatibuk. Baina ez. Banda gehiagok izan dezakete ohore hau.
Zetak taldeak minutan agortzen ditu sarrerak. ETSrekin gertatutakoa erokeria hutsa izan zen. Hori bai, salmenta hasi zenean taldearen azkenengo kontzertuan izango zirela adierazi zuten. Baina ez, denboraren poderioz argi utzi dute ez doazela inora. Gainontzeko urtea lasaitasunez hartuko dute, baina 2026an bueltan izango ditugu.
Dena den, izen horien guztien gainetik, ilusio gehien egiten didan 'BECa' Izarorena da. Mallabiako artistak Barakaldoko areto erraldoian joko du maiatzaren 31an. Eta ez du kontzertu arrunta egingo. Donostiako Belodromoan egin zuen bezala, egundoko ikuskizuna prestatzen ari da. Zetak, Olaia Inziarte, Janus Lester, Esan Ezin, Valeria Castro, Baiuca, Olatz Salvador, Miki Núñez eta Martin Urrutiak parte hartuko dute zuzeneko berezi horretan.
Hortxe dago apurtu behar dugun hurrengo kristalezko sabaia. Euskal bandek gero eta leku garrantzitsuagoak betetzen dituzte eta orain emakume sortzaileen aroa ere bada. Oztopoak oztopo, sinetsi ere egin behar dugu Buesa Arena, Bilbao Arena, Illumbe, Belodromoa, BEC eta horrelako eszenatokiak emakumezko musikarien esku badaudela.