Rafa Gorrotxategi, txokolatearen tenplu berria
Gorrotxategi familiak hiru belaunaldi daramatza txokolatea egiten
UNAI SARRIUGARTE
Astelehena, 17 abuztua 2020, 20:37
Rafa Gorrotxategi Tolosan dagoen txokolatearen museo berria da. Bertan bisitariek txokolatearen historiaren inguruan gehiago jakiteko aukera izateaz gain, bisita gidatu ezberdinen bidez dastaketetan eta tailerretan parte-hartzeko parada izango dute.
Bertan bisitariek bost mendeko historia duen gutizi honen munduan barneratu ahal izango dira. Gorrotxategi familiak hiru belaunaldi daramatza txokolatea egiten. Hala, gaur egun Rafa Gorrotxategik darama enpresa familiar honen testigua.
Gorrotxategiren Txokolatearen Museoak esperientzia paregabea jartzen du bisitari ezberdinen eskura. Hortaz, dastaketa anitzak eskaintzen dizkiete bisitariei, betiere osasun agintariek eskatzen dituzten segurtasun distantziak errespetatuz.
Momentuz azpiegitura goizez egongo da irekita. Baina, arratsaldez bisitaldi gidatuak egiteko abagunea egongo da, erabiltzaileek aurretiaz erreserbatu egiten badute. Hortaz, edonork museoak aurkezten dituen aukeren aurrean informazio gehiago nahi izanez gero, Tolosako Turismo Bulegora bertaratu edota 943 890306 telefono zenbakira deitu dezakete.
Rafa Gorrotxategi, Gorrotxategi Familiaren hirugarren belaunaldia da. Umea zenetik bizi izan da labe eta pastelgintzako mahuken artean. 24 urterekin, pastelgintzako lantegian bere aita Jose Mari Gorrotxategirekin hasi zen lanean, baita Gozogintza eta Txokolategintza hizpide zuten zenbait ikastaro egin ere Alemanian edota Frantzian.
Rafa Gorrotxategiren apustu berri hau aurrerapauso bat da kalitatean eta berrikuntzan. Harritu egingo zaitu produktu berri eta uztartze berritzaile batzuekin, artisau-pastelgintza goi-gastronomiaren mailara eraman nahi dutenak.