La Lotería Nacional de hoy sábado: comprobar resultados del 6 de diciembre

Prousten denbora

Viernes, 18 de noviembre 2022, 20:00

Pasa gaitezke bizitza guztia Prousten 'Á la recherche' irakurtzen, denbora galduaren bila. Badu liburu horrek gaurko mentalitatea alderik alde jotzen duen gezia, denborarena hain zuzen. Presaka bizi dira gaurko gazteak eta azkar bezain zalu eta denborari ihes egin nahian bizi direlako oroimenari egiten diote ihesi, bizitzaren arnasa sentitzeke. Denboraren itsumutila da oroitzapena. Denborarik ez duenak uko egiten dio oroimenari, eta munduan zehar ibiliko da aingeru eroria balitz bezala, zertarako lurreratua izan den jakiteke. Orain eternal amaiezinean bizi nahirik, ahanztura amaigabean iraungo du halakoak, zahartu egingo da une oro, ez delako une oro bizi.

Publicidad

Siliziozko oroimena da gaurkoa, siliziozko bizitzak, pantailan ageri direnak. Freudek idatzitakoa da, irudimenak fantasiaren laguntza behar du egunerokotasunak ezarritako bidetik ateratzeko, baina, era berean, fantasia irudimenaren eskutik joango da, sorkari emankor izateko. Pantailak irudimena kutsatzen du.

Artista eta zientzialari askok aitortzen dute beren teoriak hedatzeko intuizioa irudien bidez etorri zaiela. Einsteinek esaten du erlatibitate-teoriari buruzko lehen ideia Milan hirian izan zuela. Hamalau urteko mutikoa zen, oinaztarri baten gainean zihoala amestu zuen, eta aurrean ispilua. Ikusi zuen ez zela bere burua ispiluan ageri, abiadurarengatik. Proustek madalena du memoriaren abiarazle. Denbora galdua, Proustenean, eskuratzen eta ezaguna egiten da, baina ez oinaztarriaren abiaduraz. Prousten munduan gelditasunak bere nagusigoa erakusten du, bere inperioa. Badirudi mugimendua hil egin dela, eta betikotasuna irabazi duela.

Gauza askok lotzen gaituzte iraganarekin eta aldi horretan bizi izandako jendearekin. Haragia da bat, gure haragi hauskor hau. Etxea, bestea; belaunaldiz belaunaldi familia bizi den etxea iragan-zantzuz betetako tokia zaigu. Oroimenaren bidez ezer ez da arrunta, objektuek, saloi-lorategiek, gela-begiratokiek, mendi-ordokiek, muino-hondartzek beren kondizio ezdeus eta ezaina gainditu dute. Proustek haien historia berritzen digunean, bertan bizi edo bertan partaide edo lekuko izan direnen bizitza berritzen digu: haiek bizitakoa, eta haiek bizi izandakoan. Ezinezkoa baita haragia berpiztea. Prousten pertsonaiak ez dira berriro piztuko, baina izango dira, hitzetan eta irudietan, historiaren eta oroimenaren argitara. Prousten denbora zeharkako denbora baita; barnealdea muturretik muturrera zulatzen eta barrandatzen du, kanpokoa dena zahartzen eta hiltzeko prestatzen den bitartean. Walter Benjaminek Prousten denbora ez zela garbia zioen, oroimenez eta gaurkotasunez zikindurik zetorrelako. Hala behar du, oroimenaren denbora bizigarria baita, ilunperik ilunetara ere iristen da: izan direnak guregana ekartzen ditu eta izan ez direnak ere bai, elkartuz batak eta besteak, elkartzen diren bezala egia eta gezurra, errealitatea eta desira, gu eta besteak.

Memoria, paisaia bezala narrazioa da. Paisaia narrazioa da espazioan; eta memoria, denboran barrena, denboraren arteko hesiak gaindituz edo atzean utziz, aurrerako bidean beti, atzeak ahanzteke. Prousten memoria ustekabean azaltzen da, ez zaio deitu behar etortzeko eta horren ariketaren bidez gugana ekartzen dituen izakiak irudizko bizidun dira bilakatzen, irudimenean bizi direlako. Gu ere pertsonaiak gara besteen oroimenean, edo izango gara, denboraren eskuek garena irudikatzen eta moldatzen duten neurrian.

Publicidad

Idaztea hautsak pilatzea da, eta harrotzea, memoriaren itsasoan. Eta bilatzen duenak beti aurkitzen du, denbora bada ere. Proustek bezala.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad