https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Pertsonen sailkapena

Pertsonen sailkapena
Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Afaria prestatzen ari nintzen etxeko telefonoak jo zuenean. Pantailatxoak atzerriko telefono bat adierazi zidan eta bai, hariaren beste aldean zegoen gizon gazteak hizkera hegoamerikarra zuen. Galdera batzuk egin nahi zizkidala esan zidan eta berehala pentsatu nuen deiaren truke lau sos emango ziotela. Galdetu nion luze joko ote zuen galdetegiak eta esan zidan hamar minutu inguru izango zirela. Denbora bat zetorren sutan nituen jakiekin. Onartu egin nuen gonbita.

Lehenengo galderan erantzun behar nuen bizi naizen lekuko gauzak ondo zihoazen ala ez. Bai ala ez, ez zegoen tarteko aukerarik. Baietz esan nion, jakinda okerragoak ere izan daitezkeela. Ondorengo galderentzat aukera gehiago zegoen: ondo samar, ondo, oso ondo eta mailakatze bera gaizkiaren aldeko erantzuna ematen bazenuen.

Talde etnikoak aipatu zizkidan segidan, ze iritzi nuen beltzez, musulmanez, juduez, ijitoez, kristauez… Juduekin hasi zen eta esan nionean ezin nuela nik talde oso batekiko balioespena neurtu, gizonak esan zidan aukera asko nituela eta interesatzen zitzaiena horixe zela, talde horrek nolako irudia zuen jendearengan. Iruditu zitzaidan ez zuela azalpenetan denbora galdu nahi.

Jarraitu nuen erantzuten, mutilaren lan egoera gogoan, baina handik gutxira esan nion sentitzen nuela, baina ez nintzela eroso sentitzen talde etnikoak edo erlijiosoak horrela juzgatzen eta barkamena eskatuz eten nuen deia. Gogoa, ordea, mutilak aipatutako taldeengana joan zen. Ia erretzen zait sutan nuena. Ia.

Egia da guztiok dugula jendartea sailkatzeko joera, aise aipatzen ditugula zaharrak, gazteak, emakumeak, musulmanak edo ijitoak, izen horren barruan sartzen diren pertsona guztiak berdinak balira bezala, jakinda ere gutako edonor talde batean baino gehiagotan sailka daitekeela. Gizon zahar euskalduna, edo emakume gazte musulmana.

Asmatzen hasi nintzen nola sailkatuko zuen gazte hegoamerikar hark elkarrizketa eten zuen pertsona.

Temas

Euskera