Parekotasunak
Michel de Montaigne 1533an jaio zen eta 1592an hil. Axular 1556an jaio zen eta 1644an hil. Michel de Montaigneren 'Entseguak' (lehen eta bigarren liburukiak) 1580an argitaratu ziren Bordelen. Montaigne Bordeleko auzapeza izan zen; Axular, Sarako erretorea. Axularren 'Gero'k 1643an ikusi zuen argia, Bordelen honek ere. Beraz, matematikak okerrik ez badu, Axularrek hogeita lau urte zituelarik argitaratu ziren Montaigneren obra nagusiaren puskarik handienak. Baina, uste guztien arabera, Axularrek ez zuen Montaigneren lana ezagutzen edo, ezagutzen bazuen, ez dakar haren aipamenik batere bere lanean bederen. Bitxia da kontu hau. Montaigne Frantziako eta Europako letretan eragile izan da, Axular euskal letretan bezala. Montaigne oso aipatua eta goraipatua izan da, eta oraindik ere bada. Baina euskalduna gaskoiaren lanari bizkar emanda bizi izan zen, itxura denez. Ez da gutxi, dena dela, Montaigneri buruz eta Axularri buruz dakiguna. Patxi Salaberrik informazio asko bildu eta eman digu Axularri buruz. 'Gero' irakurri dugunok badakigu Seneka, Plutarko, Horazio, Ovidio aipatzen direla, besteak beste, batzuk gutxitan, besteak (Seneka, esaterako) sarriago. Montaigneren 'Entseguak' irakurrita badakigu Plutarko eta Seneka ez ezik, beste idazle asko ere aipatzen direla. Montaigneren lana bere dorretxean eraikitako liburutegiaren fruitu da. Axularren lana garaiko aszetika eta eliza liburuen entresaka egin ondoren landutakoa. Montaignek latina ongi ikasi zuen, frantsesa bezain ongi hitz egiteraino. Axularrek ere pentsatzekoa da latina ongi ikasiko zuela, garai hartan, Trento ondorengo aroan (1545-1563), apaizgoaren formazioa zorroztu egin baitzen, aurre egiteko batez ere protestanteen dotrinari. Montaigne higanoten eta katolikoen arteko liskarren artean bizi izan zen, baina ez erdian, katolikoa baitzen, baina fedea arrazoimenaren bidez ulertu nahi zuen horietakoa. Axular, gaurko hizkuntza erabiliz, ortodoxoa zen; Montaigne, heterodoxoa, baina Eliza Katolikoarekin apurtu gabe. Beste heterodoxo asko bezala, ez agerian, bederen.
Axularrek aipatzen duen Plutarkoren testua «Etsaietarik atheratzen den probetxuaz», hain zuzen, 'Moralia' liburutik hartua dago. Aymot da Plutarkoren frantses itzultzailea. 1559an argitaratu zen itzulpenaren lehen edizioa, 'Les Vies des hommes illustres, Grecs et romains, comparées l'une avec l'autre par Plutarque de Chéronée' izenburuarekin. Montaignek usu erabiltzen du eta asko estimatzen, pasarte osoak hartu eta ekartzen baititu. Geroxeago, 1577an azaldu zen 'Moralia'ren itzulpena. Iturri horretatik ere nahi ahala edaten du Montaignek. Baina ez da bakarra, Plutarkoren eragina handia da, bazter guztietan, oraindik ere. Shakespeare, Rousseau, besteak beste, zordun zaizkio. Axularrek bidenabar bezala hartzen du Plutarko; Montaignek adiskide eta solaskide du. Shakespearek, maisu. Haren tragedia batzuk Plutarkoren irakurketa sakonetik hartuak dira.
Kontua ez da, niretzat ea zer nolako ezagutza zuen Axularrek klasikoena, baizik eta zer probetxu atera zion ezagutza horri. Montaigneren filosofia klasikoen inguruan mamitua da, estoikoak, akademikoak eta pirronzaleak (Epikuroren eskolakoak) izan ala ez. Montaignek giza natura ezagutu nahi zuen. Axularrek moldatu nahi izan zuen bera kristau-ikasbidearen arabera. Montaignek ongi bizitzeko bidea erakusten digu, Axularrek kristau erara bizitzeko doktrina ematen digu. Montaignerentzat oraina garrantzitsuagoa da geroa baino. Axularrentzat geroa, oraina baino. Montaigne gurea da, Axular bezainbeste. Hor amaitzen dira parekotasunak.