Pabellón 6ek euskara hutsezko bere lehendabiziko obra estreinatuko du gaur Arriagan
'Love and money' antzezlanak zorpetutako bikote baten nondik-norakoak ematen ditu ezagutzera
UNAI SARRIUGARTE
Asteazkena, 26 urria 2022, 11:11
Pabellón 6-ek euskara hutsezko bere lehendabiziko obra estreinatuko du asteazken honetan, urriaren 26an, Bilboko Arriaga Antzokian, 'Love and money'. Bilboko Antzerki Laborategiaren ekoizpen berriak Dennis Kelly-ren antzezlan bat hartzen du aintzat. Alderantziz kontatutako fabula garaikide ilun bat ematen da ezagutzera. Antzezlanak zorpetutako bikote baten nondik-norakoei buruz aritzen da. Arriagaren ondoren, azaroaren 4, 5, 6 eta 11n Zorrotzaurreko Pabellón 6-en eskainiko dute.
Obrak ondorengo galdera proposatzen du: 'Zer geratzen da maitasunarekin diruarekin obsesionatuta dagoen gizarte batean?'. Infernuetara jaitsiz, kontsumo-gizarteari eta neoliberalismoaren indarkeriari buruz gogoeta egitera eramaten ditu ikus-entzuleak, baita norbanakoen nahiez galdetzera ere
Antzerki lan berri honetan Ugaitz Alegria, Aitor Echarte Merino, Eneritz Garcia Alonso, Miriam K. Martxante eta Aiora Sedano aktoreak ari ko dira oholtza gainean, Cecile Marquetten gidaritzapean. Idoia Ibarrondo, aldiz, obra euskaratzeaz arduratu da.
Cecile Marquette zuzendariak nabarmendu duenez, alokairua ordaintzeko prostituitzear dagoen lagun bat, erosketa konpultsiboen eta kontsumorako kredituen menpekotasuna duen pisu-kide bat... Denok dugu horrelakoren bat hurbil. Marquettek mahaigaineratzen duenez, horren adibideak ez zaizkigu falta, hilabete amaieran edo krisi ekonomikoetan eta albistegietan aipatzen diren drama anonimoetan daude».
Testuinguru horretan 'Love & Money' Frantzian irakurri zuen lehendabiziko aldiaz oroitzen da Marquette. Hala, noizbait obra hauxe zuzenduko zuela hitz eman zion bere buruari. Izan ere, ahulak zein moralgabeak, biktimak zein martirizatzaileak, taularatzen diren pertsonaiak egunerokotasunaren ohiko pertsonaiak dira, gizarte materialista eta indibidualista baten presioen artean harrapatuta bizi direnak, alegia.