Borrar
«Minorizazio egoeran gaude, baina hizkuntzaren aldeko bulkada sendoa daukan herria gara»

«Minorizazio egoeran gaude, baina hizkuntzaren aldeko bulkada sendoa daukan herria gara»

Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak antolatuta, 'Aurrera ala atzera? 'Gako berrien bila' lelopean, hainbat aditu bildu ziren asteazken honetan Bilbon euskararen egoera aztertzeko

Jan Echevarría

Jueves, 19 de diciembre 2024, 09:27

Sabino Arana Fundazioak eta Euskaltzaindiak euskararen egoeraren eta bilakabide soziolinguistikoaren inguruan hitz egiteko topaketa egin zuten Bilbon asteazken honetan. Hala, 'Aurrera ala atzera? Gako berrien bila' leloaren haritik hainbat aditu elkartu ziren gaia lantzeko.

Iñaki Iurrebaso EHUko Soziologiako doktore eta UEMAko ikerlariaren hitzaldi nagusiak abiatu zuen topaldia. Durangoko Azokan aurkeztutako 'Gako berrien bila-Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen' doktoretza-tesian, adituak euskararen egoera eta bilakaera jorratzen ditu, demolinguistikaren ikuspegitik.

Tesi hau euskal demolinguistikak duen tresna multzoa zabaltzeko eta hobetzeko sormen-saiakera da. Eta horretan, hizkuntza gutxituen inguruan dagoen jakintza soziolinguistikotik abiatuta, nazioarteko jarduera demolinguistikoa inspirazio-iturri hartuta eta irudimenari eraginda, euskararen inguruko hiru eragiketa estatistiko nagusik (Hegoaldeko zentsuak, hizkuntzen erabileraren kaleko neurketak eta inkesta soziolinguistikoak) adierazle berriak sortzeko zer-nolako aukerak eskaintzen dituzten ikertu da. Hainbat adierazletan gauzatu dira aukera horiek. Saiakera horren haritik, egilea ahalegindu da −eremu akademikotik haratago− euskararen egoeraren ezagutzarako elementuak eta ikuspegi berriak eskaintzen. Gure hizkuntzak gaur egun duen egoeraren erretratu zorrotza egin du Iurrebasok.

Adituak asteazkeneko topaketan azaldu zuenez, ondorioak gazi-gozoak dira. «Ditugun datu eta inkesta guztiak ikusita, lehenengo ideia da minorizazio egoera gorrian gaudela, eta minorizazio egoera larri horrek badakar galerarako joera», esan zuen hitzaldiaren hastapenean Iurrebasok. Bigarren ezaugarri bat ere aipatu zuen, baikorragoa: «Komunitate gutxitu gehienekiko bereizten gaituen ezaugarri nabarmena da gure komunitateak hizkuntzarekiko atxikimendu handia duela. Datu demolinguistikoek hori berresten dute: hiztunek eroso zaiena baino gehiago erabiltzen dute euskara, hizkuntzarekiko lotura handia dutelako. Gainera, belaunaldi berriei hizkuntza transmititzeko ahalegin handia egiten da gurean, baina hori ere ahultzen ari da azken urteotan. Edozein kasutan, esandakoa: minorizazio egoeran gaude, baina hizkuntzaren aldeko bulkada sendoa daukan herria gara».

Bestelako gai batzuk ere aztertu ditu EHUko soziologoak bere tesian, esaterako, arnasguneen garrantzia: «Hizkuntza baten osasuna zein den begiratzerakoan, garrantzitsua da ikustea zer nolako testuinguru geografiko errealek eragiten duten hizkuntza horren alde. Hau da, zein eremutan den berezkoa hizkuntza horren aldeko dinamika. Arnasguneak dira horiek. Eta gure errealitatea da horrelako eremuek duten pisua oso txikia dela; Euskal Herriko biztanleriaren % 4 baino ez da bizi horrelako eremuetan, eta azken urteetan ahultzen ari dira arnasguneak. Aurrera begira, eremu horiek indartu beharko lirateke».

Hizkuntza-gaitasunean ahul

Orain arte euskal gizartean errotuta zegoen uste bat ere zapuztu zuen Iurrebasok: «Nazioarteko soziolinguistikan lantzen diren hiru ardatz nagusiak dira gaitasuna, erabilera eta atxikimendua, eta orain arte gurean egon den ikuspegia izan da hizkuntza-gaitasunean indartsu gaudela baina erabileran ahulago, eta sarritan jendearen atxikimendu edo konpromiso faltari egotzi zaio kontu hori. Landutako datuek, ostera, esaten digute oinarrizko argazkia alderantzizkoa dela: motibazioa badagoela baina hizkuntza-gaitasunean ahul gaudela».

Gaur egungo argazkia gazi-gozoa izanik, euskalgintzari bulkada berria eman behar zaiola esan zuen Iurrebasok: «Ez gaude indarberritze prozesu argi batean, baina ezin da esan galera nabarian gaudenik ere; hor gaude, ez atzera ez aurrera. Halako argazki bat atera zait niri behintzat. Egoera ikusita, uzten baditugu gauzak bere horretan joaten, nahiko argi ikusten da galera prozesu batean eroriko garela berriz. Hortaz, bizi dugun egoeraz jabetu eta euskararen aldeko apustu berri bat egin beharko genuke».

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Mireia Zarate Sabino Arana Fundazioaren presidenteak jardun zuten hasiera-ekitaldian; partaide eta ikusleei ongi etorria eman eta Iurrebasoren tesiaren pisua nabarmendu zuten biek. Ondoren, mahai-ingurua eta solasaldia antolatu dira. Mahai-inguruan Miren Azkaratek (euskaltzain osoa), Jokin Azkuek (HABEko zuzendaria) eta Jon Sarasuak (Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta euskaltzain urgazlea) parte hartu zuten; solasaldian, berriz, Erramun Osak (Euskaltzaindiko idazkariordea), Eneko Bidegainek (Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta euskaltzain urgazlea) eta Oskar Zapatak (TAUPAko Nafarroako koordinatzailea).

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

elcorreo «Minorizazio egoeran gaude, baina hizkuntzaren aldeko bulkada sendoa daukan herria gara»