Oihane Perearekin solasean, 'Hitzetik Hortzera' saioan
Arabarrak bertsoarekin izandako esperientziaz, lorpenez eta arantzez hitz egiteko aukera izango du asteburu honetako programan
Zurekin
Larunbata, 30 urtarrila 2021, 16:11
Hogeita hamar urte daramatza bertsogintzan murgildurik Oihane Pereak, eta Arabako bertsolaritzaren azken urteetako garapenaren lekuko eta eragile izan da. Azken urte hauetako ibilbideari begiratuko diote aste honetako 'Hitzetik Hortzera' programan, eta haren bizitokian, Zalduondon, elkartuko dira protagonistarekin. Bertsogintzaren munduko aktualitatea ardatz duen saioak ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai larunbat honetan, 21.00etan. Igandean, berriz, ETB1en izango da ikusgai, 15.00etan
Bizipoza izaten laguntzen dio bertsoak Oihane Pereari, halaxe aitortzen du berak. Arabako bertsolaritzaren azken urteetako garapenaren lekuko eta eragile izan da, bai plazaz plaza, baita bertso-eskoletako eta hezkuntzako transmisio lanean ere, beretzat bi norabideak baitira ezinbestekoak.
Bertsolaritzaren mundua nola ezagutu zuen azalduko du bertsolari zalduondarrak. Arabako lau txapel jantzi ditu bere ibilbidean, eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako ere sailkatu izan da hainbatetan. Zalantzarik gabe, horri buruz mintzatzako aukera paregabea.
Nahikoa ez balitz, Oihane Perearen bertsoaldi gogoangarrien bilduma bat ikusteko eta entzuteko aukera izango dute ikus-entzuleek. Txapelketetako bertsoaldiak gogoratuko dituzte saioan, zaharragoak eta berriagoak, Arabako txapelketakoak eta Euskal Herrikokoak, eta baita Ez da kasualitatea saioetako edo Emetik bertso-kabaretako momentuak ere, besteak beste.
Esan bezala, ikus-entzuleek jakin behar dute 'Hitzetik Hortzera' ETB1en eta eitb.eus-en izango dela ikusgai larunbatean, 21.00etan. Eta igandean, berriz, ETB1en ikusi ahalko dutela, 15.00etan.