Drone baten irudia. Fotolia

Drone autonomoek pertsonen aurka egindako lehen erasoaren berri eman du Nazio Batuen Erakundeak

Duela gutxi jakitera eman duten txosten baten arabera, ekintza 2020ko martxoan izan zen Libian, 'Bake Ekaitza' operazio militarraren barruan. Ez dakigu robotek bajak eragin zituzten

Martes, 1 de junio 2021, 21:34

Stanley Kubricken '2001: una odisea en el espacio' filma ikusten duzun lehen aldian, normala da HALekin gertatutako guztiak urduri jartzea. Egunen batean makinak matxinatuko dira gure aurka? Zentzugabea dirudi, bai. Baina ez hainbeste Nazio Batuen Erakundearen txostena irakurri ostean, drone autonomoek pertsonei egindako lehen erasoaren aurrean gaudela adierazten duena.

Publicidad

Aspalditik mundu osoko armadak daude modu erabat autonomoan funtzionatzen duten armen fabrikazioan buru-belarri sartuta. Hau da, pertsona batek gailuaren portaera monitorizatu behar izan gabe. Eta erakundeak partekatutako informazioaren arabera, 2020an, Libian azken 10 urteetan garatu den gerra zibilaren barruan, armamentu autonomo horren zati bat erabili zen. Dokumentuan, ez da erabileraren inguruko xehetasun zehatzik ematen, eta ez da azaltzen arma autonomoen erabilerak bajarik eragin ote zuen. Baina kontua da gure HAL madarikatuaren aitzindariaren aurrean egon gintezkeela.

Dokumentuak nabarmentzen du drone autonomoak 'Bake Ekaitza' operazio militarraren barruan erabili zituztela, iazko martxoaren 27an, Faiez Serraj NBEk onartutako lehen ministroak eskatuta, Jalifa Haftar jeneralaren tropen aurka. Erasoaldiaren ondorioz, oposiziogilearen indarrek borrokatik alde egin behar izan zuten, eta une horretan «tripulaziorik gabeko borrokarako aire-ibilgailuek edo arma autonomoen sistema hilgarriek (STM Kargu-2, kasu) urrutitik jazarri eta eraso zituzten erretiratzen ari ziren Haftarren afiliatutako indarrak», dio NBEk txostenean. Azaldu dutenez, robot hiltzailea programatuta zegoen datu loturarik behar ez izateko hura kontrolatzen duen pertsonaren eta munizioaren artean: «Tiro egin, ahaztu eta bilatu» ahalmena gaituta zuen makinak, hau da, jomuga baten kontra jaurtigailua bota ondoren, sistema bere kabuz hasten da beste baten bila, hura ere tirokatzeko.

7.060 gramoko pisua du

Esan bezala, NBEren informazioaren arabera, Serrajen tropek Kargu-2 izeneko drone autonomo bat erabili zuten erasoan, STM enpresa turkiarrak egina. Gailua duela bi urte merkaturatu zen, eta «eraginkortasunez erabil daiteke helburu estatikoen aurka edo mugimenduan, irudiak denbora errealean prozesatzeko gaitasunen eta plataforman integratutako ikaskuntza automatikoko algoritmoen bidez», konpainiatik nabarmendutakoaren arabera.

Drone hauen lehen prototipoa 2017an aurkeztu zen, eta bi urte beranduago egungo bertsioa agertu zen. Aparatu honek 7.060 gramoko pisua du eta 60 zentimetroko luzera eta 60 zentimetroko zabalera, 40 zentimetroko altuerarekin. 30 minutuko autonomia du airean, 72 kilometro orduko abiaduraraino iristen da eta 2.800 metroko altuerara igo daiteke eta 5 kilometro urrundu.

Publicidad

Giza Eskubideen kontrolerako hainbat erakundek eta Gobernuz Kanpoko Erakundek arma autonomoen sistema hilgarrien debeku orokorra eskatu dute. Hala ere, NBEko kideen koalizio batek, Estatu Batuak barne, uste du prebentziorako lege-erregulazioak ez direla beharrezkoak, gure egungo teknologiaren «mugak» direla eta. Argi dagoena da arazo etiko handia eragiten dutela robot hiltzaileek, gerran norbait hiltzeko erabakiaren atzean, orain arte, gizaki bat egon delako, eta erantzukizuna, berez, pertsona horrena zen. Hori dela eta, zientzialariek, etikan adituek eta ekintzaileek urteak daramatzate eskatzen gailu horiek debekatzeko, Kubricken maisulanean HALek eragiten duen moduko egoera batean ez amaitzeko, alegia.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad