Naturak asko du literaturari emateko
Amaitzear da Gutun Zuria Letren Nazioarteko Jaialdia. Ixiar Rozas Elizalde, Terry Tempest eta César Aira idazle argentinarra, besteak beste, izango dira Azkuna Zentroan
Amalia ibargutxi
Ostirala, 27 apirila 2018, 00:20
Gutun Zuria Bilboko Letren Nazioarteko Jaialdiaren XI. edizioa ari dira egiten Azkuna Zentroan. 'Naturara itzultzea. Utopia literarioa ote?' titulupean, jaialdiak literatura garaikideko idazlerik ospetsuenak bilduko ditu berriz Bizkaiko hiriburuan. Aste osoa literaturaren inguruan antolatu dute Azkuna Zentroan, eta asteburuan azken hitzaldi eta mahai inguruetara hurbiltzeko aukera izango dute zaleek.
Aurten, Gutun Zurian, kapitalismoan eta metaketan oinarritutako egungo gizarteari egindako kritika jarri dute mahai gainean, eta, «aldi berean, egungo gizakiari gonbit egin zaio gure komunitateetatik itxuraz ezkutatuta dagoen zoriontasunaren bila abiatu dadin». Antolatzaileek naturaren defendatzaile unibertsala izan zen Henry David Thoreau jaio zela berrehun urte betetzen direla-eta, hausnarketa piztu nahi izan dute, naturarekiko harremanen inguran sakontzeko.
Gaur, Ixiar Rozas Elizalde idazlea, Maider López artista eta Iñigo Astiz 'Berria' egunkariko kazetari eta idazlea solasean arituko dira. Iñaki Beraetxe aktoreak egingo du atariko lana, 'Tokialdatu' eta 'Beltzuria' testuen irakurketarekin. Ondoren, 'Irakurlearen ordua' egingo dute, eta idazle eta irakurleek aurrez aurre topo egingo dute hizketaldiari ekiteko.
Bihar nazioarteko izenen txanda helduko da. Izan ere, Terry Tempest estatubatuarra eta Francisco Ferrer Lerín idazle, filologo eta ornitologoa eseriko dira Azkuna Zentroko Auditorioan, Edurne Azkarate aktore eta aurkezlearekin batera. Azken honek 'Refugio' testua irakurriko du, eta ondoren ekingo diote ideien taularatzeari.
Tempest-en testuen ardatzak ekologia, basa-bizitza zaintzea eta emakumeen eskubideak izan dira. Berak idatzitako saiakera eta memoria-liburua da 'Refugio' (Errata Naturae, 2018), XX. mendeko literatura ekologistako lan esanguratsuenetarikoa.
Azkenik, igandean, 'Handia' filmeko Eneko Sagardoy aktoreak gidatuko du César Aira idazle argentinarraren eta kultura-arloko prentsa espezializatuko hainbat hedabidetako lankidea izateaz gain, Gutun Zuria jaialdia zuzentzen duen María Luisa Blancoren hizketaldiaren aurreko tartea, 'Continuación de ideas diversas' testuarekin.