https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Nafarroako Bertsolari Txapelketa otsailaren 9an hasiko da Tuteran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa otsailaren 9an hasiko da Tuteran

Kanporaketa fasea amaituta, parte hartuko duten 24 lagunak sailkatu dira zortzi saioko lehiara: Urdazubi, Irurita, Lizarra, Atarrabia, Etxarri Aranatz, Lesaka eta Iruñean ariko ira, martxoaren 23ra bitarte

AMALIA IBARGUTXI

Guztira, 24 izango dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako parte hartzaileak. Otsailaren 9an ekingo diote ibilbideari Tuteran, eta martxoaren 23an bukatuko da, Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko finalean. Tartean, zortzi saio izango dira, beste horrenbeste herrietan. Orotara, lau final-laurden, hiru finalaurreko eta finala izango ditu Nafarroako 44. bertso txapelketak.

Barañainen aurkeztu dute txapelketa, Nafarroako Bertsozale Elkarteak han egindako batzar nagusiaren ostean, Bertso Eguna ere egin duten egunean. Bertsolari, epaile, gai-jartzaile eta antolatzaileak bertan izan dira, aurkezpenean.

30 bertsolarik eman dute izena, baina behin aurre-kanporaketak igarota, 24 izango dira geratuko diren lehiakideak. Tuteran hasi eta Urdazubira mugituko da txapelketa, Iruritatik Lizarrara, Atarrabiatik Etxarri Aranatzera eta Lesakatik Iruñera.

Julio Soto Ezkurdia, Eneko Lazkoz Martinez, Aimar Karrika Iribarren, Xabi Maia Etxeberria, Xabier Terreros Gartzia, Eneko Fernandez Maritxalar, Julen Zelaieta Iriarte, Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Iker Gorosterrazu Elizagoien, Alazne Untxalo Erregerena, Joanes Illarregi Marzol, Patxi Castillo Graziarena, Mikel Lasarte Cia, Amaia Elizagoien Varela, Iban Garro Alzuri, Irati Majuelo Itoiz, Sarai Robles Vitas, Joana Ziganda Olano, Xabat Illarregi Marzol, Endika Legarra Nuin, Saats Karasatorre Martinez, Diego Riaño Barroso eta Sahats Aleman Sadabak osatzen dute bertsolari parte-hartzaileen taldea.

Halaber, gai jartzaile ariko dira Arkaitz Goikoetxea Arriola, Nerea Bruño Artazkoz, Mikel Beaumont Arizaleta, Joseba Beltza Bengoetxea, Jon Abril Olaetxea, Saioa Mitxelena Irazoki eta Amaia Telletxea Larretxea. Beraiekin batera, hamabost gai-jartzailek eta laguntzaileek ere parte hartuko dute lehiaketaren antolakuntza eta burutzean.

Urteak joan urteak etorri, Bertsozale Elkartearen arabera, «Nafarroako euskal kulturaren erreferentzia nagusietakoa bihurtu da Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Baina ez da bat-bateko lorea. Txapelketa urtean zehar egiten den lan isilaren fruitu da, bertsolaritza transmititzeko alorrean egindako lan eskergaren ondorio zuzena».

Bide horretan, nabarmendu dutenez, «aipatzekoa da Bertsolaritza Irakaskuntzan egitasmoa, Nafarroako Bertsozale Elkarteak Nafarroako Gobernuaren eta tokian tokiko udal eta mankomunitateen laguntzarekin antolatua». Urtero, 2.400 ikasle baino gehiagok eskola orduetan bertsogintza eta ahozkotasuna lantzeko balio du. Era berean, azpimarratu dute nola Bertso Eskolen sareak herri eta auzoetako transmisiorako gune biziak biltzen dituen, eta aisialdiaren eremuan antolatutako egitasmoek «osatzen dutela transmisioaren alorra».

Txapelketa, beraz, bertsogintzaren eta euskararen aldeko lan horri bultzada emateko aukeratzat dute: «Nafarroako bertsolariei ikusgarritasuna emanez, bertsogintza sustatu eta gizartean ezagutarazteko aukera emango duen egitasmoa martxan da».

Temas

Euskera